Gabonak ate joka, azoka egingo dute asteburuan Durana kalean

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko abenduaren 12a

2024ko gabonetako azoka.

Zapatu eta domeka goizean 11:00etatik 15:00etara egingo dute azoka, tokiko merkataritza jasangarria eta ekoizle txikiak balioan jartzeko tartea hartuz.

Gabonak iristen ari diren honetan, urtero moduan, bertako merkataritza zein ekoizpena eta eskuz egindako artisautza sustatzeko helburuarekin, asteburuan Gabonetako azoka egingo dute Durana kalean zehar. Hogei parte-hartzaile baino gehiago bilduko dira: artisauak, ekoizleak, merkatariak eta herriko elkarteak, kalean zehar jarritako karpa txikien azpian. Eguraldi kaxkarra edo euria egin arren, azoka leku berean mantenduko dela adierazi dute antolatzaileek, babesteko aterpea izango baitute postuek.

Azokako eskaintza zabala

Artisauak izango dira parte-hartzaile nagusien artean: hamar inguru izango dira eta denetariko sormen-lanak eskainiko dituzte. Besteak beste, bitxiak, apaingarriak, artisautza piezak eta Gabon giroko objektu bereziak aurkitu ahal izango dira, norberarentzat zein oparitarako aproposak. Ekoizleen eskaintza ere ez da nolanahikoa izango: lau ekoizlek parte hartuko dute, produktu fresko eta gertukoak eskainiz. Tokiko merkatariak ere bertan izango dira, bost sei postu artean, beraien denden kanpoan kokatuko dituzte produktuak, Gabonetako erosketetarako aukera zabalarekin. Horiez gain, hiru-bost elkarte ere izango dira azokaren parte: Hiruatx, LEIDA (idazleen elkartea), UDA eta Zaporeak, besteak beste. Elkarteek beraien jardueraren berri emateko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko espazioa izango dute, kutsu solidarioa ere txertatuz.

Bertako merkataritza eta produktuak babesteko deia

Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte asteburuan Durana kalera gerturatzera eta Gabonetako opari bereziak eskuratzeko aukera aprobetxatzera, bertako produktu eta artisau-lanak babestuz. 

Azokako parte hartzaileak

Naiara Uriarte, Errastiko ogia: "Gozogintza integrala eta naturala egiten dugu, eta produktu ugari eramango ditugu: errege-opilak, Gabonetako galletak, esnegainezko opilak, cinamonroll-a, txoko roll-a, pantxineta, eta almendra-, okaran-, sagar-, gazta-, moka- eta turroitartaletak".

Izaro Sanchez, Artisaua: "Aretxabaletako azokan urtero hartzen dut parte; herriari nire eguneroko lana erakusteko aukera da, plaza polita. Aurten, betiko osagarriez gain, liburuak eramateko zorroak ere egin ditut, oihalekin. Espero dut jendeari gustatzea eta bertako zein eskuz egindako lanari balioa ematea".

Aiora Padilla, Hiruatx elkarteko kidea: "Gure asmoa, alde batetik, bidezko merkataritzako produktu eta salmentaren inguruko informazioa eskaini eta hau bultzatzea da. Bestetik, aurrera eramaten ditugun proiektuak finantzatzeko produktuak ere saltzen ditugu, aurten Ghana eta Kolonbiako proiektuak sustengatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak