Handik hona

Natalia Zhyvotovska: "Ni ez nago Ukrainian, baina burua hemen eta han daukat; familia han dago"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko abenduaren 10a

Natalia Zhyvotovska gaztea Aretxabaletako Herriko Plazan dagoen iturrian. (Argazkia: Mirari Altube).

Ukrainiako gerrak hilabete gutxi batzuk iraungo zuela uste zuen; hiru urte eta erdi daramatza Aretxabaletan.

4 eta urte 19 urte artean, udak Aretxabaletan igaro zituen Natalia Zhyvotovskak (Vorzel, Ukraina, 2000), bertako familia batekin, Chernobyl Elkartearen bidez. 2022an Ukrainako gerratik ihesi etorri zen Aretxabaletara.

Zure haurtzaroa nolakoa izan da?

4 urte nituenetik, Txernobylgo haur bezala etortzen nintzen udan, bi hilabetez, Aretxabaletako familia batengana. Gogoratzen naiz nire bizitza Ukrainan eta Euskal Herrian zegoela. Horrelako bizitza izatea interesgarria iruditzen zait. Urte guztia Ukrainan pasatzen nuen, bizitza normala eginez, eta oporrak hasten zirenean hona etortzen nintzen. Herrialde ezberdinak dira, eta beste familia bat nuen euren kultura eta ohiturekin.

Hasieratik ulertu zenuen zergatik pasatzen zenuen uda hemen?

Bai. Txernobylgo leherketagatik jende asko egon da gaixorik, eta gaur egun ere pairatzen dituzte kalteak. Oso larria da, eta haurren osasuna hobetzeko ateratzen gaituzte udan handik. Horrek eraman nau bigarren familia bat eta beste esperientzia bat izatera, beste jende bat ezagutzera... Azkenean, hemengo gurasoei ama eta aita deitzen diet. Haiendako ere alaba bat naiz.

Lehenengo iritsiera hartatik zein oroitzapen duzu?

Nahiko berandu heldu nintzen, eta itzartu nintzenean, gelan, hemengo familia zegoen niri begira; eta ni haiei. Orduan, ez nekien ez euskaraz ez erdaraz; haiek ere ez ukraineraz. Zelan komunikatuko gara? Gainera, nire ama igartzen nuen faltan pila bat. Lehen, astean dei bakarra egin genezakeen. Niretzat oso zaila zen. Haren ahotsa entzun, eta gehiago igartzen nuen faltan.

Orain, hiru urte daramatzazu Aretxabaletan.

Gerratik ihesi etorri nintzen. Inork ez zuen pentsatzen halakorik gertatuko zenik 2022an. Oraindik ez dut sinesten gertatzen ari dena. Ukrainan gertatzen ari dena beldurgarria da. Geroz eta okerrago dago nire herrialdea. Jendea ihes egiten ari zen, eta ni han geratu nintzen. Azkenean, ikusten duzu gauzak geroz eta okerrago daudela, gauza oso larriak gertatzen ari direla, eta nik ezin nuela han geratu, agian, hil egingo nintzelako.

Gerra hemendik zelan bizi duzu?

Ni ez nago Ukrainan, baina burua hemen eta han daukat. Nire familia guztia han dago. Egunero albisteak irakurri eta haiekin hitz egiten dut. Jendea mentalki geroz eta nekatuago dago, eta, jakina, ni oso kezkatuta nago. Esaten didate nik bizi, disfrutatu... egin behar dudala, baina badakit nire familia han dagoela... Han arriskua alde guztietan dago. Ez dago leku segururik, ez dakizu bonba non eroriko den.

"Zenbat eta kultura eta jende gehiago ezagutu, orduan eta gehiago garatzen duzu burua"

Itzuli zara?

Bi aldiz. Oporrak hartzen ditut Ukrainara joateko. Azkenengo aldiz joan naizenean, pentsatu dut gauza bat inoiz pentsatu ez dudana: "Orain hemen hiltzen banaiz?". Sekulako beldurra pasatu dut. Ohean zaudela hainbat drone entzuten dituzu, eta ezin duzu ezer egin. Ulertzen duzu, agian, zure etxe gainean eroriko dela, edo, bestela, beste etxe batean. Oso sentimendu zaila da.

Gerratik ihesi etorri zinenean, uste zenuen zure bizitza orain dena izango zela?

Ez. Nik uste nuen hilabete batzuetako kontua izango zela eta itzuli egingo nintzela. Buruan neukan hango egoera. Pentsatzen nuen gauza bakarra zen zer egin nezakeen aurrera ateratzeko. Etorri eta hilabete eta erdira hasi nintzen lanean. Sei hilabeteko kontratua egin zidaten. Denbora asko iruditzen zitzaidan, uste nuelako ez nintzela hainbeste denbora egongo hemen. Dagoeneko kontratu finkoa daukat; hiru urte eta erdi daramatzat hemen.

Euskaldunak kontziente gara Ukrainan gertatzen ari denaz?

Hasieran, gizarteak arreta jarrita zeukan gerran, baina denborarekin interesa beste arazo eta nazioarteko krisi batzuetara bideratu da.

Gerra alde batera utzita, zerk harritu zintuen Aretxabaletara iritsi zinenean?

Txikitan udalekuek eta nire adineko jende pila ezagutzeak. Gerratik etorri nintzenean pentsatu nuen: leku lasai batean egon naiteke bonba barik? Zerua urdin egon daiteke bonben ke barik? Belarra berde egon daiteke gar barik? Hemengoa bizitza bat da; hangoa, infernua.

Hemen bizitzetik zer da gehien baloratzen duzuna?

Jendeak asko lagundu dit, eta asko ulertu naute. Zenbat eta kultura eta jende gehiago ezagutu, orduan eta gehiago garatzen duzu zeure burua. Esperientzia ona da, eta prestatuago zaude egoera gehiagotarako.

Zer da ukrainarra izan baina Euskal Herrian bizitzea?

Bat gehiago naiz, baina, beste alde batetik, atzerritarra naiz, ezin dut-eta ahaztu nondik natorren. Izan ere, gustatzen zait beste kultura batzuk ezagutzea, baina ez dut ahazten nirea dena.

Bi hilabetetan ukrainera ahaztu

4 urterekin Aretxabaletara etorri zenean, bi hilabetean ikasi zuen euskaraz Natalia Zhyvotovskak, eta, aitortu duenez, ukraineraz hitz egitea ahaztu zitzaion: "Ukrainara, etxera, iristen nintzenean nire amari esaten nion amatxo. Ez zuen ulertzen. Asko harritu zen. Alaba beste herrialde batera bidali eta ama- hizkuntza ahaztu? Horrela, euskaraz apurtxo bat ikasi zuen. Urtez urte euskara hobetzen joan naiz".

Lanerako, abantaila

Adierazi du euskara jakitea "laguntza handia" izan dela lana aurkitzeko ere, ikusi baitu atzerritik datozen zenbaitek hizkuntza ez dutela menperatzen eta arazoak dituztela lana aurkitzeko. "Euskaraz jakinda, jendearekin ondo komunikatu eta moldatzen naiz. Hemen jendea oso irekia da, eta, gainera, nekien erdara hobetu egin dut", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak