Txokolatada Digitala elkartasun kanpaina iragarri dute eguaztenerako Arizmendiko hainbat ikaslek

Mirari Altube Arrese 2025eko abenduaren 9a

Teknologia berrien inguruan sortutako zalantzak argitzeko, eta era berean, txokolate beroaz gozatzeko helburuarekin Txokolatada Digitala ekimena egingo dute Arizmendi ikastolako Almen guneko hainbat ikaslek. Mitarte kalean jarriko dute postua, abenduaren 10ean, 12:30etik 14:30era bitartean.

Ikastetxean lantzen dabiltzan proiektu baten bueltan Txokolatada Digitala izeneko elkartasun kanpaina antolatu dute Arizmendi Ikastolako Almen guneko DBHko 3. mailako ikasleek; "ilusio handiarekin" gertatu ere. Teknologia berrien gaineko zalantzak argitzea da haien helburua eta txokolate beroarekin gozaraztea.

Postua jarriko dute Mitarte kalean eta hainbat ikasle egongo dira han; batetik, gerturatzen diren herritarren zalantzak argitzen, eta bestetik, txokolatea bizkotxozko gailetekin banatzen. Beste ikasle batzuk, ostera, herrian ibiliko dira, kanpaina horren berri ematen.

"Ongizatea bermatzeko" kanpaina

Ta zer ez da berdin izeneko proiektuaren baitan gizarte egiturak ikasten jardun dute ikasleek, demokrazia eta diktadura alderatuz, esaterako. Besteak beste, ongizate estatu baten oinarrizko beharrak zeintzuk diren behatu dituzte, giza adierazleak erabilita herrialdeak alderatzeko orduan. Oinarrizko beharrak asetzen laguntzeko inguruko gobernuz kanpoko erakunde ezberdinen podcastak ere sortu zituzten taldeka.

Bukatzeko kanpaina propioa sortu dute: "Gure herrialdearen ongizatea bermatzeko kanpaina sortu dugu. Arazo eta behar ezberdin asko daude gure inguruan eta horregatik ekimen ezberdinak sortu ditugu. Azkenean teknologia berriei etekina ateratzen laguntzeko kanpainaren alde egin dugu", adierazi dute ikasleek.

Ikasleak herritar guztiak eskertu nahi dituzte aldez aurretik: "Eta gonbidapena zabaldu nahi dugu, edonor gertura daitekeelako".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak