"Oinezkoen segurtasuna hobetzeko" hainbat aldaketa egingo ditu Udalak

Mirari Altube Arrese 2025eko abenduaren 9a

Araba ibilbidean jarritako aparkalekuak.

Zenbait gune margotu eta aldaketak egingo dituzte Araba ibilbideko errepidean egunotan; hala iragarri dute Udaletik. Autoen abiadura murrizteko asmoz, aparkalekuak margotuko dira Bizkaia kaletik Bainuetxe poligonora igotzeko bidegurutzeraino.

Azken asteetan asfaltatze lanak egin ditu hainbat kaletan Udalak. Horrekin batera hiri-mugikortasuneko plana idazten bukatzen dabilela jakinarazi du Udal Gobernu Taldeak. 

Ildo horretatik, Araba ibilbidean dagoeneko jarri dituzte hainbat aparkaleku eta datozen egunetan aldaketa gehiago egingo dituztela iragarri dute: "Autoen abiadura murrizteko helburuarekin, aparkalekuak jarriko dira Bizkaia kaletik Bainuetxe poligonora igotzeko bidegurutzeraino". Aparkaleku horiek sigi-sagaka  margotuko dituzte.

Aldaketa batzuk eginda

Aldaketa batzuk dagoeneko egin dituzte. Iralabarri plaza alboan, esaterako, Araba ibilbidetik Basabe poligonora igotzen den kalean. Noranzko bakarrekoa izatetik noranzko bikoitzeko kale izatera pasatu da: "Beroa kafetegiko eta Basabeazpi ondoko zebra-bideetatik ahalik eta zirkulazio gehien desbideratzea da helburua".

Bestetik, Lausitta plazako autobus geltokiko espaloia zabaldu egin da. Orain dela bi aste egin zuten lan hori eta horren helburua da "geltoki irisgarria" izatea: "Autobusa, linean geratzean, espaloira behar beste hurbil daiteke orain, herritarrak galtzadara jaitsi behar izan gabe autobusera igo ahal izateko".

Era berean, Bedarreta auzoko obrekin amaitzeko, Otalora kalearen paraleloa den kalearen noranzkoa aldatu egingo dute auzo horretan, baita aipatutako kale hori eta ibaiaren ondoan dagoena lotzen dituen kaleen noranzkoak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak