Horrez gain, iazko saioan berbagai izan zituztenak ere gogorarazi zituzten. Izan ere, 2024ko azaroaren 22an, Etxebarriko ganbaran elkartu ziren sasoi bateko gaztainadiez berba egiteko. Saioan, gaztainen inguruko esanak batu eta dokumentu bat eta bideo bat jaso zuten. Auzotarrek euren etxetik gertu zituzten gaztaina-arbola kopuruez, asko edo gutxi batzen zituzten, gaztaina motez, fruitua jasotzeko eta horiek gordetzeko moduez, saltzeko moduez eta jatekoez jardun zuten. Hitzordua garai bateko hitzen esanahiak eta lekuen izenak batzeko eta idatzita geratzeko aprobetxatu zuten, besteak beste.
Gari kontuak hizpide
Etxebarri baserriko Julen Abasolok egindako deia izan da hirugarren elkar-batze hori ere, eta bertan batutakoak gustura izan zirela azpimarratu du, hura barne: "Aurtengoa hirugarren urtea da. Lehenengoa, formatu berean, arto-zuriketaren ingurukoa egin genuen; bigarrena, berriz, gaztainen gainekoa izan zen, eta, oraingoan, gari kontuez hitz egin dugu. Gaiak monografikoki lantzen ditugu, eta, batez ere, adinekoek dakitena transmititzen dute."
Lanketak, ereitea, jorratzea, gari-lanak… prozesu osoaren testigantzak batu dituzte
Garia azaroan ereiten zen, eta, handik hasita uztail erdian jasotzen zen arteko prozesu guztiaz jardun zutela azaldu du Abasolok: "Lanketak, ereitea, jorratzea, gari-lanak… prozesu osoaren testigantzak batu genituen. Honako hau ez da ikerketa zientifikoa; adineko jendeari entzuteko ariketa bat da". Horren baitan, Abasolok saioan hainbat kontu batu zituztela nabarmendu du, eta horietako bat ere jarri du adibide gisa: "Garia jotzeko makina iritsi zenean, garia aletu eta lastoa ganbarara bidaltzen zuen makina, iraultza izan zen. Hemen, lau auzoetan, sei bat makina izan zirela kontatu genituen, baina etorri bezain pronto garia landatzeari utzi zitzaion. Sekulako asmaketa etorri zen, salbazioa zelakoan; hau da, ezagutu zutenek makinarekin lan erdia egin behar zela zioten… baina ez zuen iraun".
Dinamika finkoa ez izan arren, urtean behin auzoetako bizilagunak batu, aurreko urtean egindakoa bideoan erakutsiz gaztaina batzuk jan eta txokolate beroa hartu eta gai berri bat mahai-gainean jarriz berba egiteko tartea hartzen dutela dio ekimenaren anfitrioiak. "Negu partean, ganbara batean egiten dugu saioa. Nik uste dut udaletxeko areto batean ezingo genukeela egin, ez litzateke berdina izango. Nik uste dut gustura egon garela, eta bat ere prestatuko dugu".