Zaindu deigun geurie! lelopean aurkeztu dute Aretxarte Merkatari Elkartekoek aurtengo iragarkia. Kepa Errasti aktore aretxabaletarra da protagonista, beste urte batez, Angelines Lopez herriko dendari ohi batek lagun eginda; AZ Visual Mediakoek herriko merkatariekin eta boluntario gisa aritu diren herritarrekin grabatutako lana izan da.
Antzerkiak aukeran
Gabonetako hitzorduekin hasita, Arkupen ekitaldi ugari izango dira hilabete osoan, eta horietako bat da hilaren 12an 20:00etan izango den Amak antzerkia. Ikastola bateko itxarote-gelan atera ezinik gelditzen diren lau emakumeren arteko istorio desesperagarria da. Egoera larria, komedia eran kontatuta, mugarik gabeko ezusteko terapia batera eramango ditu protagonistak. Sarrerak salgai daude, sei eurotan, Arkupen.
Hilaren 14an, berriz, euskal tradizioan eta mitologian oinarritutako Su magikoaren lapurreta antzerkia ikusteko aukera izango dute herritarrek, Arkupen. 17:00etan izango da saioa, eta lau eurotan erosi daitezke sarrerak. Hilaren amaieran, abenduaren 30ean, Artea antzerkia izango da ikusgai, 20:00etan, Arkupeko Zaraia aretoan, eta sarrerak sei eurotan daude salgai. Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza izango dira oholtza gainean antzezle lanetan.
Bestelako proposamenak
Antzezlanez gain, Neguko Azoka izango da, azken urteotan moduan, hilaren 13an eta 14an; txu-txu trena izango dute herritarrek erabilgarri hilaren 22an eta 23an; Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera izango da hilaren 24an, eta Lekaixoka bertso-eskolakoen koplak entzungai izango dira auzoz auzo, azken urteotan moduan; abenduaren 27an, bertso-saioa izango da, Ane Zuazubiskar, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Uxue Alberdi bertsolarien eskutik, 19:00etan, Arkupen…
Erakusleihoak eta erakusketa
Abenduan ohikoa izaten dira erakusketak, eta izango dira aurten ere. Batetik, erakusleiho lehiaketa egingo da abenduaren 9tik 18ra bitartean, eta sari banaketa ekitaldia abenduaren 20an egingo da, Arkupen. Horrekin batera, Sendabelarren marrazkiak izeneko erakusketa zabalik dago martitzena ezkero, eta abenduaren 30era bitartean egongo da ikusgai.