Urtegia inguratzen duen bidean egurrezko hesia jarri zen 2010ean, baita hainbat seinale ere. Hamabost urtean, baina, apenas egin da mantentze-lanik eta hesiaren zati asko egoera oso kaskarrean daude. Hori ikusita, Udalak hobekuntza lanak egitea erabaki du, aurretik hainbat alderdi aztertuta: batetik, hesia konpontzeak ekarriko lituzkeen aurrekontua eta mantentze-gastuak; eta bestetik, segurtasuna eta erabiltzaileentzako irisgarritasuna eta erosotasuna.
Hesi batzuk kendu eta beste batzuk berritu
Behin azterketa hori eginda eta "hobekuntzak lehenetsita" hainbat erabaki hartu ditu. Batetik, bigarren presa inguruan eta mahaiak dauden gunean hesia kentzea: urtegiaren aldera ematen duten hesia kenduko da, hain zuzen ere. "Horri esker, bigarren presara doan bidea nabarmen zabalagoa eta seguruagoa izango da, eta mahaiak dauden ingurunea txukunago geldituko da", adierazi dute Udaletik.
Bestetik, komuna dagoen eremu azpiko hesia berritu egingo dute: "Koska handia dagoen eremu honetan segurtasuna bermatzeko asmoz, hesi zaharrak berriztu egingo dira".
Eta azkenik, mahaiak eta bankuak dauden eremuan, hondatutako elementuak konponduko dituzte: "Mahaiak eta banku berriak jarriko dira, erabiltzaileei atsedenleku segurua eskaintzeko".
Interbentzio horiek eginda Udalaren helburua da Urkuluko ingurunea "nabarmen txukuntzea, segurtasuna areagotzea eta erabiltzaileentzako bideak irisgarriagoak" egitea, "inguru natural horren gozamena erraztuz".