Belaunaldien arteko topaketarekin etxekoandreei aitortza egin diete ALEn

Mirari Altube Arrese 2025eko abenduaren 3a

Abenduaren 1ean, Etxekoandrearen Nazioarteko Eguna dela aitzakia hartuta, belaunaldien arteko topaketa hunkigarria egin zuten Aretxabaleta Lanbide Eskolako hainbat ikaslek Basotxo erretiratuen elkartearekin lankidetzan. 30 lagun inguru bertaratu ziren, eta "giro bero eta hurbila" sortu zen eskolak prestatutako espazioan.

ALEko Lanbide Heziketako Hasierako ikasleek, Etxeko Zaintza eta Eraikinen Garbiketa espezialitatekoek, antolatu zuten ekitaldia, Basotxorekin elkarlanean. "Ziklo hau berria da ikastetxearen eskaintzan, eta bokazio sozial eta komunitario argiarekin jaio da. Ikasleek, etxeko lanen garrantziaz eta balio sozialaz sentsibilizatuta, jubilatuekin harremanetan jarri ziren herriko etxekoandreei aitortza egiteko topaketa bat antolatzeko", adierazi dute eskolako kideek.

Eskolak prestatutako espazioan 30 lagun inguru elkartu ziren, "giro bero eta hurbila" sortuta: "Une bereziena etxekoandrerik beteranoenari egindako omenaldia izan zen, jasotako txalo zintzo eta beroekin hunkituta". Erretiratuek osatutako Basotxoko kantu taldeak girotu zuen aitortza unea.

Eskolakoak pozik agertu dira esperientziarekin: "Belaunaldien arteko esperientzien trukeak markatu zuen ekitaldia, baita eskolaren eta komunitatearen arteko lankidetza sendotzeko gogoak ere. Bai ikasleek, bai nagusiek, etxeko lanek historikoki izan duten garrantzia eta egin duten ekarpena balioan jarri behar direla nabarmendu zuten".

Aitortza ospakizuna bukatu zuten mokadutxo baten bueltan eta etorkizunean antzeko ekimenak errepikatzeko konpromisoa hartu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak