Aretxabaletan egindako ekitaldian azken mende laurdenean egindako lanen errepasoa eta etorkizuneko erronkak azpimarratu dituzte. LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiaren zuzendari Ainara Udaondok, Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano Nagore Ipiñak, eta Laboral Kutxako zuzendari nagusi Xabier Egibarrek egin dituzte hitzartzeak.
Urte horietan zehar egindako lana aitortzeko balio izan arren, aurrera begira dituzten erronkei begira jartzeko aukera izan da ekitaldia. Azken horren garrantzia azpimarratu du, hain zuzen ere, Ipiñak ekitaldia "komunitate baten memoria eta etorkizunaren ospakizuna" bezala definitu duenean.
Kooperatibismoa indartzeko beharra
Duela 25 urte, kooperatibismoa indartu beharra zegoela ikusita, sortu zen LANKI
Kooperatibismoaren Ikertegia eta azken mende laurdenean norabide horretan egin du lan. Gaur egun bi helburu nagusi ditu ikertegiak: alde batetik, unibertsitateko ezagutza eta kooperatiben praktika uztartzea eta, bestetik, bertako eta kanpoko errealitatean eragitea hezkuntza kooperatiboa, ikerketa eta aholkularitza eta zabalkundearen bitartez.
Udaondok adierazi moduan "helburu horiek lortzeko ezinbestekoa izan da ikertegiak kooperatibekin izandako gertutasuna eta harreman estua. Kooperatibentzat klabe
izan diren momentuetan argia eman dugu ikerketaren bidez eta gero, hori, kooperatibatara itzuli dugu hezkuntzaren bidez".
Ildo beretik aritu da Vicente Atxa. "Ekarpen handiena izan da kooperatibismoaren
sustraiak, balioak eta zentzua modu zientifiko eta sistematikoan aztertzea eta
birplanteatzea", esan du. Ikuspegi horrekin ere bat etorri da Xabier Egibarrek. "Ikerketarik gabe, kooperatibismoak errepikapenean geratzeko arriskua du. Ikerketarekin, berriz, proiektu bizia bihurtzen da, egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai da”, gaineratu du.
Egungo eta lehengo kideei omenaldia
Ikertegiak aurrera begira izango dituen erronkak azpimarratzeaz gain, ekitaldiak LANKIren kide izan direnei omenaldia egiteko ere balio izan du eta ekitaldian proiektuaren parte izan diren pertsona guztiak gogoratu dituzte.