Ghanara urte hasieran eramango dituzte plakak

Imanol Beloki Unamuno 2025eko azaroaren 28a

Ghanako Lanbide Eskolako eraikinaren joan den asteko erretratua. Argazkia: Hiruatx GKE

Hiruatx GKEk Ghanan eta Kolonbian ditu bi proiektu esku artean. Ghanan Lanbide Eskolarako plaka fotovoltaikoak batu eta eskola bera hornitzeko bestelako materiala batzen ari da, urte berriarekin batera, urtarril eta otsail artean, hara bidaltzeko.

1991. urtea ezkero elkartasun proiektuak egiten ari da Hiruatx Elkartea. Iaz, Hiruatx GKEk Ghanan abiatu zuen lankidetza-proiektua; hain zuzen ere, Fagor Herrigintza programaren bitartez 60.000 euroko dirulaguntza jaso zuten. Hori horrela, Fagor Taldeko bazkideei esker, Ghanako hegoaldeko Asuoya herrian eguzki-panelak jartzeko aukera izan zuten, bertako Lanbide Eskolan hezkuntza bermatzeko.

"Proiektuaren %80 Fagorren laguntzarekin finantzatuta, euren ekarpenagatik jarri zen martxan proiektua. Hori horrela, Ghanan Lanbide Eskola ari gara eraikitzen; eguzki-plakak jarriko ditugu. Proiektu garrantzitsuena hori da, hangoei argindarra bermatzeko. Izan ere, argi mozketa asko izaten dituzte, eta eskolan lan ondo egiteko ezinbestekoa dute. Plakak hara bidaltzeko, berriz, X fundazioaren laguntza dugu, eta prestatzen ari garen materiala urtarril eta otsail artean eramango dugu", adierazi du Aiora Padillak, Hiruatx GKEko kideak.

Gaineratu duenez, edukiontzi horretan soberan dagoen espazioa betetzen ari dira. "Edukiontzia plakekin beteko dugu, baina dena ondo betetzeko burdindegiei eskaera egin diegu hara eramateko eta Lanbide Eskola materialez hornitzeko. Bergarako Mujika eta Lacota izan dira dirulaguntza eman diguten bi enpresa, baina beste eskaera batzuk ere eginda ditugu. Gainera, Arizmendi Ikastolak hainbat ordenagailu prestatu dizkigu; abenduaren 10ean jasoko ditugu horiek, Ghanan informatika-gela hornitzeko".

Kolonbiako proiektua

Ghanako proiektuarekin batera, Aretxabaletako Udalaren laguntzari esker, ARSOC osatzen duten Ofizioko Birziklatzaileen erakundeak sendotu dituzte Hiruatxekoek eta 2024. urte amaieran Kolonbian birziklapenari buruz atera den legedi berriari aurre egiteko erakundeen ikuskaritza egin dute. Honetarako Mundukide Fundazioa bidelagun izanda. "Birziklatzaile izenekoekin ari gara lanean. Adineko jendea da, eta euren sostengua bermatzeko lanean ari gara. Euren lana ofiziozkoa eta beharrezkoa dela aldarrikatzen dute".

ARSOC (Asociación Nacional de Recicladores del Sudoccidente der Colombia) bigarren mailako birziklatzaileen elkarte erregionala da, Tolima (Ibague), Valle del Cauca (Cali), Cauca (Popayan), Nariño (Pasto) eta Putumayo (Mocoa) departamentuetan dauden elkarte eta kooperatibekin osatua. Gaur egun ARSOCek zazpi erakunde bazkide ditu, tartean aurreko urteetako proiektuetan onuradun izan diren Coemprender, AROG eta Girasoles. ANReko (Asociación Nacional de Recicladores) bazkide da ARSOC bera. ANRan batzen dira nazio mailan Kolonbiako erregional guztiak eta ANR bitartez zuzentzen da Ofizioko birziklatzaileen eskubideen aldeko borroka nazio mailan Kolonbian.   

Kolonbiako Birziklatzaileak talde argazkian.

"Elkarteko bazkideen %63a emakumeak dira. Gehienetan egoera zaurgarrian dauden adineko emakumeak izaten dira gainera.  Proiektu honen helburu orokorra ofiziozko birziklatzaileen lana duintzea da, erakundeak sendotuz, eta zehazki ARSOC elkarteko bazkide diren Ofizioko erakundeetako Birziklatzaileen gutxieneko diru sarrerak handitzea".

Informazio osatuagoa laster

Hiruatxek nabarmendu duenez, urte amaieran bi proiektuak laburbilduko ditu, Ghanan eta Kolonbian egiten ari direnaren gaineko informazio gehiago emateko eta, bide batez, laguntza eman dieten guztiei eskerrak emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak