Calzon: "Ligako partidu txarrenetakoa egin dugu, arduratuta nago"

Xabier Urtzelai 2025eko azaroaren 23a

Aretxabaletak 0-2 galdu du gaur arratsaldean Ibarran, Deustoren kontrako partiduan. Lehenengo zati trabatuan bietako inor ez da berdegunean gailendu, eta bigarrenean bizkaitarrek etxekoen opariak aprobetxatu dituzte. Haserre azaldu da Unai Calzon entrenatzailea. "Partidua arraro hasi dugu, txarto jarraitu dugu, eta barregarri amaitu dugu".

Haserre amaitu du Unai Calzonek gaurko partidua, haserre berdegunean taldeak transmititu duenarekin, eta baita jokalari guztiek ez dutelako jarrera eta intentsitate berberarekin jokatu. Horiek martitzenean taldekideekin batera berba eginez konpontzen saiatuko dira, baina garbi egin dio berba GOIENAri, ez du ezer ezkutatu, eta nabarmendu du autokritika egin beharko dutela denek, bere burutik hasita. "Zorrotzak izan behar dugu, eta garbi berba egin. Gaurko partiduan ondo egindakoak aztertuko ditugu lehenengo, gauza gutxi izan dira, eta gero txarto egindakoen gainean egin beharko dugu berba, eta hor denbora gehiago beharko dugu".

Partidu txarra Deustoren kontra

Aurrekari hauekin irakurleak sumatu dezake Aretxabaletak gaur Deustoren kontra jokatutako partiduak (0-2) ez duela inor pozik utzi, ez behintzat Aretxabaletan. Partidu txarra izan da etxekoen partetik, Calzonen mutilek ondo zekiten bizkaitarrak ze joko mota egitera etorriko ziren, baina etxekoek ez dute proposamen hoberik egin, eta ikusitakoak ikusita, zaleak huts eta hutsekoa konforme egoteko emaitza izan zitekeela pentsatzen hasita zeudenean etorri dira Deustokoen golak, bigarren zatian. Halako uzta ona batzeko ez dute Aretxabaletakoek baino askoz ere gehiago egin, gol aukera aldetik etxekoek argiagoak izan dituzte, baina Deustokoak argi ibili dira, eta gainera, izandako opariak ondo aprobetxatu dituzte ligako laugarren garaipena eskuratzeko. 

Aretxabaleta, berriz, azken asteotan ez dabil orain arteko maila berean. Azken bost jardunalditan bi puntu batu dituzte, eta lehenago puntu asko batu izanak sailkapenean lasaitasuna ematen badu ere –zazpigarren daude, 18 punturekin–, Calzoni horrek gutxirako balio dio. "Taldeaz arduratuta nago, jokalari batzuk ez dabiltza dagokien maila ematen eta hamaika jokalari behar ditugu lehiatzeko. Oraingo asteburuan amateur mailako Euskal selekzioak jokatuko du, eta guk atseden izango dugu. Horrenbestez, bi aste ditugu egoera honi buelta ematen saiatzeko, entrenatzeko, eta talde osoaren maila igotzeko".