Aretxabaletako Udalak eta Aretxarte Merkatari Elkarteak tokiko merkataritza sustatzeko neguko bonu kanpaina jarriko dute martxan astelehenean, hilaren 24an. Ekimenaren helburua da herritarren kontsumoa bertako dendetara bideratzea, herriko ekonomiari bultzada emateko.
Kanpainaren bidez, aretxabaletarrek 30 euro ordainduta 50 euroko balioa izango duen bonu-paketea eskuratu ahal izango dute. Horrela, erosleek 20 euroko aurrezkia lortuko dute sorta bakoitzean, eta deskontua zuzenean aplikatu ahal
izango da kanpainara atxikitzen diren Aretxabaletako establezimenduetan. Bonu horiek abenduaren 31 arte erabili ahal izango dira.
Bonuak Arkupe kultur etxean jarriko dira salgai, eta Aretxarte Merkatari Elkartea arduratuko da haien salmentaz eta kudeaketaz. Aurreko kanpainan bezala, oraingo honetan ere, 875 bonu-sorta egongo dira herritarren eskura. Udalak eta merkatarien elkarteak herritarrei gonbita egin diete ekimenean parte hartzeko.
