Aitor Antxia: "Haurra nintzeneko treneko bi billete ditut gordeta"

Imanol Beloki Unamuno 2025eko azaroaren 21a

Aitor Antxia, Azben, Vasco Navarro trenaren gaineko panel informatiboan.

Aretxabaletako Azbeko autobus-geltoki inguruan sasoi batean tren-geltokia egon zen. Izan ere, Lizarra eta Bergara lotzen zituen Vasco-Navarro trenbidea Aretxabaletatik ere igarotzen zen. Trenbide haren aztarnarik gorde ez duen Debagoieneko herri bakarra da Aretxabaleta, eta, herritarren oroimenean gal ez dadin, atril oroigarri bat jarri dute geltokia egon zen gunean.

Aitor Antxia Leturia (Aretxabaleta, 1958) izan da oroigarri hori osatzearen arduraduna.

Panelerako informazioa biltzen ari zinela, zein pasadizo edo datu nabarmenduko zenuke?

Trenean Almen industrialdean zeuden marianistak eta ikasle asko mugitzen ginen bertara. Nik oraindik gordeta ditut haurra nintzeneko bi billete; 8 urterekin maristetara trenez joaten ginen, eta billeteak bi pezetakoak ziren. Horiek ere jarri ditut panelean ikusgai. Trenak herriaren egunerokoa markatzen zuen, eta hori ere irudikatu nahi izan dut paneleko informazioan. Horrekin batera, 1947ko maiatzaren 1ean atxilotutako zazpi pertsonena ere azpimarratzekoa da. Maiatzaren 1a Langilearen Nazioarteko Egun gisa ezagutzen dugu gaur egun, baina garai hartan ez. Lotuta eraman zituzten Bilbora, eta espetxeratu.

Bada beste istorio bat panel informatiboan azpimarratu duzuna, ezta?

Aretxabaleta eta bertako trenaren geltokiaren inguruan gertatutako mila eta bat abenturaren artean, nabarmentzekoa da geltokiko buru Antonio Sogorb-ekin eta bere familiarekin gertatutakoa. Sogorb Antoñanako geltokitik zetorren, eta, faxistak berehala Aretxabaletan sartuko zirela ikusita, haren abertzale sena kontuan hartuta, eta errepresaliak aurreikusita, familiarekin batera [emaztea eta bi seme-alaba] Bizkairantz ihes egitea erabaki zuen.

Zer mezu helarazi nahi zenuen panelarekin? Belaunaldi berriei zer ematen die?

Helburua da Aretxabaleta trenaren mapa historikoan egon zela gogoraraztea. Belaunaldi berrientzat baliagarria da, trenaren aztarna fisikoa desagertu bada ere panelak kontakizun bisual eta ulerterraza eskaintzen dielako. Historia gertuko bihurtzen du. Orain, berriz, trenbide zaharraren trazatua Bide berde bihurtu dute, eta oso modu egokia iruditzen zait iragana eta oraina uztartzeko. Jende asko aritzen da egunerokotasunean paseoan, eta, hala ez balitz, dena sastrakaz beteta izango genuke.

Trenaren garrantzia azpimarratzea da, beraz, mezu nagusia?

Hala da. Herritarrei esango nieke trenak gure herrietako joan-etorrietan, egunerokotasunean, erabilera handia zuela, eta memoria hori ez dela galdu behar. 1966ko abenduaren 31ko azken bidaia mugarri historikoa izan zen. Garrantzitsua da gogoratzea, herriaren bilakaeran trenak izan zuen pisua ez dadin desagertu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak