Udalak kale-garbiketako zerbitzuaren lizitazio berria egin du, hurrengo lau urterako eta beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. Zerbitzua nabarmen hobetzea da helburua, bai baliabideei dagokienez, bai lan-baldintzei dagokienez. Azken urteetan hiru lizitazio egin dira, eta kostua goraka joan da: 2017an, 343.000 euro; eta 2023an, 451.000 euro. Oraingo lizitazioak, 2023arekin alderatuta,%32ko igoera izango du.
Zerbitzua indartzeko, langileen kopurua eta denboraldiko laguntzak handituko dira. Urrian hasi eta maiatzera arte, pertsona bat gehiago arituko da hostoak eta hustubideak garbitzen, eta jaien ondorengo egunetan, lan berezia egingo da kaleak eta parkeak ahalik eta azkarren normaltasunera bueltatzeko. Bestalde, langileen kapituluan lan-hitzarmenaren azken berrikuspenean jasotako baldintza hobetuak txertatu dira.Makineriari dagokionez, ibilgailuak modernizatu egingo dira: diesel ibilgailua makina elektriko batekin ordezkatuko da. Funtzio askotariko zisterna-kamioia eta erratz-makina semiautomatikoak ere gehituko dituzte.
Lizitazioa urte amaieran amaituko da, eta hurrengoaren hasieran adjudikatuta egotea aurreikusten da. Dena den, denbora-tarte txiki bat behar da makina berriak erosteko, eta udaberrirako zerbitzua erabat aktibo egotea espero da.