Leinn (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) graduaren bukaeran zaude; nolako urteak izan dira?
Lau urte hauek oso biziak izan dira. Pertsonalki eta profesionalki asko hazi naiz eta neure burua hobeto ezagutu dut etapa honetan. Azken txanpa honetan oso gustura nabil, gradu amaierako lana bukatzen ari naizelako eta gustuko dudan enpresa baten lanean ari naizelako.
Kanpotik graduaren inguruan mespretxuz hitz egin izan dela uste duzu?
Ez nuke esango mespretxuz askotan hitz egin denik graduaren inguruan, baina jendeak egiten ditu komentario txarrak. Uste dut hori dela jendeak ikusten duelako graduaren alde ona bakarrik: atzerrira bidaiak. Ez dute ikusten guztiaren atzean dagoen lana eta sakrifizioa; ikusiko balute, ez lukete mespretxuz hitz egingo.
Atzerrira bidaiatu behar izan duzu; nolakoa izan da?
Oso ona, pertsona eta toki asko ezagutu ditut eta. 18 urterekin Berlinen hilabetez egon nintzen bakarrik bizitzen, eta pertsonalki hazteko balio izan zidan. Costa Rican sekulako paisaiak daude, eta ekintzaile komunitate oso handi bat. Azkenik, Hego Korean eta Indian bizi izan nuena esperientzia profesionalagoa izan zen.
Munduko zer toki nabarmenduko zenuke eta zergatik?
Argi daukat: India. Talka kulturala oso handia izan zen. Oso aberasgarria izan zen herrialde hura ezagutzea; izan ere, oso ezberdinak gara, eta horrek eragiten du Euskal Herrian dugun bizimoduari balioa ematea.
Futbolera itzultzea erabaki duzu aurten; zer dela eta?
Futbolean ibili naiz bizitza osoan, baina pare bat urtez uztea erabaki nuen. Lagunek bultzatu ninduten berriro ere futbolean jokatzera itzultzera. Oso gustuko dut talde barruan dagoen giroa, eta, entrenatzailearekin hitz egin eta gero, erabaki nuen taldera itzultzera.
Mendian asko ibili zara futbola utzi zenuenetik; taldeko kirol sentsazioa faltan igartzen zenuen?
Txikitatik gustatu zait mendian ibiltzea, eta hemen ditugun paisaiekin are gehiago. Edozelan ere, bizpahiru urtez bakarrik entrenatzen ibili eta gero, faltan igartzen nuen taldeko kirola eta horrek dakarren diziplina guztia. Futbolera itzultzeko arrazoietako bat izan da hori, zalantzarik gabe.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Katxopoa.
Gastronomia mota bat? Italiarra.
Bidaiatu nola? Autoz.
Abesti bat? Azken Sustraiak-en Sin miedo a vivir.
Poteoan edateko zer? Garagardoa.
Aretxabaletako toki bat? Degurixa.