Duela 28 urte Arizkurenera (Nafarroa) joan zen bizitzera Txiki Zamora. Komunitatean bizi da, herriaren berreskurapenean, eta, autogestioan oinarrituta. Dio bizimodu gogorra ere badela.
Zergatik joan zinen Arizkurenera?
Gaztea nintzen, eta bizi izateko modua aldatzeko gogoa nuen. Talde bat ezagutu nuen Nafarroako herri bat berreskuratzen ari zena; Itoizko urtegiaren ondoan zegoen, eta bertako lanen aurka zeuden… nik nuen antzeko pentsamoldea zuten. 1995ean hasi ziren Arizkurenen herria berreskuratzen, eta ni 1997an iritsi nintzen. Lehenengo, etxea eraikitzen ari ziren. Haiekin hasi nintzen, eta niretzat proiektu polita zen. Proiektua, era berean, niretzat heldutasun-maila lortzeko prozesu bat ere izan zen.
"Hasieran 50 lagun izango ziren Arizkunen; gaur gaurkoz, bost bizi gara bertan"
Zenbat lagun bizi zarete komunitatean?
Hasieran, 50 gazte izango ziren bertan. Ni iritsi nintzenean, hamar lagun zeuden. Ordutik, joan-etorri ugari izan dira urte guztietan. Proiektuaren helburua komunitate bat eraikitzea zen: ekonomia komun bat, asanblada bidezko sistemarekin… Gaur-gaurkoz, bost lagun gaude soilik. Iaz, bi bikote haurrekin batera, hamar lagun kolpe batez joan ziren komunitatetik. Gertatzen dena da haurrak handitzen doazenean eskolaratu egin behar izaten dituztela…
Zein izan da bilakaera?
Orain bost etxe daude, eta oraindik falta dira etxeak berreskuratzeko, baina badugu baratze handi bat; ahuntzak ere izan genituen. Ukenduak, krema naturalak, xaboiak, jarabeak… azokaz azoka ere saltzen ditugu, eskuz eginda eta bertako produktuekin. Gero, truke-sistema ere oso erabilia da gurean. Lakabe herrikoekin, esaterako, asko trukatzen dugu; eurak ere komunitate bat dira, eta 45 urte inguru daramatzate euren proiektuarekin. Ekonomia garatzeko lanak ere egiten ditugu, igeltsero-lanak…
Nola definituko zenuke Arizkurengo bizimodua?
Baserri batean bezala, bertako produktuekin eta animaliekin egiten dugu lan, eta gero berreskurapen-lana ere izaten dugu. Lana beti dago soberan. Laguntzari dagokionez, beste herri batzuekin auzolana egiten dugu, kurtsoak eta tailerrak antolatzen ditugu, kolonia moduko topaketak, eta bisitari asko izaten dira. Gaur egun ez dugu halako indarrik, baina herriaz disfrutatzen ari gara.
Aretxabaletara bueltatzen zara?
Gabonetan joango naiz, familiarengana eta lagunengana. Sanmigeletan ere izan nintzen, azokan saltzen, Tomatearen Astean egotea gustatzen zait… Nire anaiak Areanon landetxe bat dauka, eta hara joaten naiz. Bestalde, bi alaba ditut: bat Katalunian bizi da, amarekin, 17 urtekoa da; beste alaba bat, beste emakume batekin izandakoa, 12 urtekoa, hemen bizi da, nirekin. Ama beste herri batean bizi da, Agoitzen, eta alabak astebete pasatzen du amarekin eta beste astebete nirekin.
Edozein bizi daiteke halako komunitate batean?
Ni bezala bizitzeko prest egon behar da. Argi izan behar duzu elkarrekin bizi nahi duzula eta ekonomia komun bat izango duzuela oinarri. Izan ere, nik logela bat besterik ez dut; jangela denontzat da, eta astero bilerak egiten ditugu dena ondo antolatzeko. Sekulako lana da, eta ia egunero izaten dira gatazkak ere… Horiei aurre egiteko prest egon behar duzu, eta gogorra da. Lan asko egin arren, nire bizitzaren kontrola hartu dut hemen. Ez zaude telebistaren edo komunikabideen eraginpean… Ez dugu telebistarik, nahiz eta orain gauzak asko aldatu diren mugikorrekin.