Kurtzebarri ikastetxeko patioa espazio inklusibo bihurtzeko lanak hasi dituzte asteon. Aretxabaletako Udalak eta Kurtzebarri eskolak elkarlanean garatu dute proiektua, eta ikastetxeko jolastokia eraldatzea da asmoa, espazio inklusibo bat sortzeko. Diseinua ikasleen, ikastetxeko zuzendaritzaren, irakasleen, gurasoen eta Udalaren arteko partaidetza-prozesu baten emaitza da, eta lanak hainbat fasetan egingo direla adierazi du Udalak.
Patio inklusiboa
Kurtzebarriko patio inklusiboak hainbat gune izango ditu: jolas kolaboratiboetarako, lasaitasunerako, sormen jardueretarako eta ikaskuntza emozionala eta soziala bultzatzeko espazioak, futbolaz harago. "Poliki-poliki, gaur egungo espazioa eraldatzen joango da, eta jolaserako aukera gehiago eskainiko da. Proiektu hau LHko azken zikloko ikasleekin landu da, hainbat eredu ezagutuz eta haien iritziak kontuan hartuta".
Sei asteko lanak
Sei aste iraungo dute lanek, eta lehen fasean LHko jolastokian egingo dira. Han, lasai egoteko, sormenerako eta bilgunerako guneak sortuko dira, naturako elementuz lagunduta. Abendu inguruan HHko espazioan hasiko dira berritze lanak: oztopoak eta barne-hormak kenduko dira eta natur elementuak gehituko dira, haurrak elkarrekin eta modu librean jolastu ahal izan daitezen. Patio inklusiboak 47.855 euroko kostua du eta proiektuak berak 6.050 euroko kostua izan du.