Emakumeei bideratutako lau ikastaro antolatu dituzte azarotik urtarrilera bitartean egiteko

Mirari Altube Arrese 2025eko azaroaren 6a

(Irudia: Unsplash: Artem Kovalev)

Julia Zamora fisioterapeutak eta Ane Goikoetxea emakumearen osasunean espezializatuak lau ikastaro emango dituzte datozen hiru hilabeteetan. Eta gaiak izango dira honako hauek: menarkia –lehenengo hilerokoa–, dismenorrea –hilekoaren mina–, menopausia eta zoru-pelbikoa. Hiretu psikomotrizitatearen bulegoan izango dira guztiak –Basabe industrialdea FO 02– eta izena emateko telefonoz deitu behar da: 619 00 27 14.

Ikastaroen helburua da emakumearen prozesuak patologikoak eta mingarriak direla baztertzea, eta emakumearen egoerekin lotutako mina normalizatzeari uztea. Horregatik, saioetan landuko dute fisiologiaren, elikaduraren eta mugimenduaren gaineko ikuspegi integratzailea, "emakumeen prozesu horien tratamendu natural gisa". Eta saioak emango dituzte bi adituk: Julia Zamora fisioterapeuta da, abdomen eta pelbisaren osasunean aditua eta emakumearen osasunari buruzko dibulgatzailea. Ane Goikoetxea, ostera, dietista da, emakumearen osasunean espezializatua, bizitzako etapa ezberdinetan, eta elikaduraren portaeraren nahasmenduan  aditua.

Menarkia nerabeentzat

Menarkiaren inguruko tailerra 8 eta 14 urte arteko neskei eta horien familiei bideratu diete. "Horren helburua da ziklo-menstrualaren eta hilekoaren informazioa eskaintzea, ezagutza izan dezaten menarkiaren momentua heldu aurretik; beldurrez eta nazkaz ikus ez dezaten". Bizitza-ohituren gaineko gomendioak ere emango dituzte: "Tresna egokiak izan ditzaten eta oinarritik egoera berri honi nola aurre egin jakin dezaten".

Azaroaren 10ean, astelehenean, egingo dute, 17:00etan, eta prezioa da 10 euro nerabe bakoitzarentzat.

Hilerokoaren zikloa ezagutzen

Dismenorrearen inguruko saioa, ostera, hilerokoa duten emakumeei zuzenduta dago. Landuko duten gaien artean daude hilerokoaren zikloa, horren fisiologia, elikaduraren garrantzia eta mugimenduaren beharra. "Izan ere, hilerokoaren zikloaren fisiologia ulertzea oinarria da emakumeok gure mesedetan erabili ahal izateko", adierazi dute antolatzaileek, eta horregatik, hilerokoaren mina eragin dezaketen faktoreak ezagutaraziko dituzte. Horrez gain, elikadurari ere helduko diote eta ezinbestekoak diren nutrienteen berri emango dute. Saio praktikoa izango da eta elikagaiak prestatzeko errezetak ere erakutsiko dituzte, eta, ugalketa-sistemarekin konektatzeko baliabideak eta gorputz-ariketak ere bai.

Saioa azaroaren 15ean, egubakoitzean egingo dute, 09:30etik 12:30era bitartean; prezioa da 20 euro.

Klimaterioa zer den ulertzea

Menopausiari buruzko ikastaroaren helburua da klimaterioa zer den ulertzea eta etapa horretan gertatzen diren aldaketak ulertzea: "Aldaketa fisikoak, emozionalak eta baita portaera aldaketak ere. Izan ere, zenbat eta prestatuago egon etor daitekeenaren aurrean, orduan eta hobeto eta indartsuago egingo diogu aurre". 40 urtetik gorako emakumeei dago bideratua, eta dagoeneko menopausia garaian dauden emakumeentzat ere bada.

Saioa egingo dute abenduaren 13an, 09:30etik 12:30era bitartean; prezioa da 20 euro.

Zoru pelbikoa ezagutzen

Zoru pelbikoaren gaineko ikastaroan zer den hori azalduko dute, baita azaleratu horren inguruko mitoak eta egiak ere, eta zergatik den garrantzitsua ondo zaintzea. Ikastaroa urtarrilaren 17an izango da, 09:30ean eta prezioa da 20 euro.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak