Literatura solasaldietan, idazleak solaskideekin

Imanol Beloki Unamuno 2025eko azaroaren 3a

Jon Bilbao idazlearen 'Araña', liburu artean.

Jon Bilbao idazlearen Araña liburua izango dute berbagai, Monica Leivak gidatuta, azaroaren 5eko saioan; Miren Amurizaren Pleibak liburuaz, berriz, azaroaren 13an jardungo dute Mikel Antzarekin literatura solasaldietako parte-hartzaileek.

Udal liburutegiak aurten ere martxan du irakurzaletasuna sustatzeko literatura solasaldien egitasmoa. Maiztasuna hilean behingoa da, eta Arkupeko bigarren solairuan elkartzen dira egitasmoaren parte direnak, gomendatutako liburu bat irakurri eta horren gainean jarduteko. Literatura solasaldien euskarazko saioa eguenetan izaten da, 18:30ean, eta dinamizatzailea Mikel Antza idazlea da. Gaztelaniazkoa, ostera, eguaztenetan egiten dute, 18:00etan, eta Monica Leiva idazle eta kazetaria dute gidari.

Sosalasaldien euskarazko saioak eguenetan dira; gaztelerazkoak eguaztenetan

'Araña' eta 'Pleibak'

Hurrengo solasaldia azaroaren 5ean izango da, eta, Monica Leivak gidatuta, Jon Bilbao idazlearen Araña liburua izango du hizpide literatur solasaldiko taldeak. Bilbao idazlea bertan egongo da, gainera, eta saio irekia izango da; hau da, ez da beharrezkoa taldean izena emanda egotea. Hurrengo saioa, berriz, Mikel Antzak gidatutakoa izango da, eta Miren Amuriza idazlearen Pleibak izango du aztergai literatura solasaldietako taldeak.

Miren Amuriza: "Besteak entzuteak ere laguntzen dit, eta baita motibatu ere"

Hilaren 13an, Miren Amuriza bertsolari eta idazlearen Pleibak liburua izango du hizpide literatur solasaldiko taldeak, Mikel Antza gidari dela. Amuriza bera egongo da saioan.

Nolako harrera izan du Pleibak liburuak?

Duela urtebete argitaratu zela Pleibak, eta, egia esan, harrera oso ona izan du, edo hala jaso dut nik. Batik bat, gure belaunaldiko jendearengandik hori jaso dut, eta bat egin duela bertako giro eta erreferentziatik adierazi didate. Eta gugandik urrunago daudenek ere konektatu dute; beste batzuek, aldiz, ez dute konektatu, urrunago daudelako bertako istorioak eurengandik.

Belaunaldi bati zuzendutako lana?

Ez nuke esango adin tarte bateko irakurleei zuzenduta dagoenik. Maitasun harreman bat dago, nerabezaroaz hitz egiten da, klase sozial ezberdinak daude, gatazkak daude… gai unibertsalak daude.

Literatura solasaldien egitasmoa benetako altxorra da irakurleentzat?

Euskal Herrian badago irakurle talde sare egonkor eta sendo bat, nire ustez, eta horrek asko ematen die liburuei eta idazleei; liburuei bizi berri bat, edo euren zikloa luzatzeko aukera. Idazleak bertan egotea interesgarria da, gure lanak egiteko erak, gure gatazkak, gure ezinak… azaleratzeko. Besteak entzuteak ere laguntzen dit, eta baita motibatu ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak