Zaintzaren inguruko hitzaldi zikloa azaroan eta abenduan

Imanol Beloki Unamuno 2025eko urriaren 31

Azaroaren 4an, Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat hitzaldia izango da, Iñaki Peña medikuarekin.

Zaintza ekosistema diseinatzen hasia da Aretxabaletako Udala, "zahartze prozesuei ikuspegi integratu, prebentibo eta komunitariotik heltzeko". Hala, zaintza ekosistemaren baitan, hitzaldi batzuk antolatu dituzte azarorako eta abendurako.

Prebentzioa eta komunitatearen inplikazioa oinarri hartuta, zahartzeari ikuspegi publiko-komunitario batetik heltzeko urratsak ematen ari da Udala. Hain zuzen ere, zaintza ekosistema diseinatzen hasia da, zahartze prozesuei ikuspegi integratu, prebentibo eta komunitario batetik heltzeko asmoz. "Zaintza gaur egungo gizarte erronka nagusietako bat da, eta beharrezkoa da beste era batera antolatzea, eredu publiko-komunitario baten bidez".

Hiru zutabe nagusi

1. Prebentzio-sarea eta komunitatearen inplikazioa: elkarrekintza eta dinamika berriak sortzea, zahartze aktiboa bultzatzeko.
2. Eguneko arreta zerbitzua indartzea: zahartzearen prozesuan gertuko akonpainamendua eta jarraipena bermatzea.
3. Zaintzaileen zaintza: lanbidea duintzeko eta zaintzaileen ongizatea bermatzeko formakuntza eta aholkularitza sustatzea.

Zaintzaren inguruko hitzaldi zikloa: azaroan eta abenduan

Azaroaren 4an, Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat hitzaldia izango da, Iñaki Peña medikuarekin. Saioa euskaraz izango da Karmele Igartua aretoan, 18:00etan, bat-bateko itzulpen-zerbitzuarekin. Azaroaren 11n, berriz, Zaintzaren hariak hitzaldia izango da, 18:00etan, Felix Arrieta politologo eta Deustuko Unibertsitateko irakaslearen partetik. Azaroaren 18an, aldiz, Pentsatu, hausnartu... hitzaldia egingo dute Teresa Condek eta Karmele Uribarrik. Bizitzaren amaieran hartu beharreko erabakiei buruzko hausnarketa-saioa izango da.

Azaroko hiru saioak 18:00etan izango dira, Karmele Igartua aretoan; hala, lehen bi saioak euskaraz izango dira, itzulpen-zerbitzuarekin; eta hirugarrena, ostera, gazteleraz.

Abenduko hitzaldi-sorta

Abenduaren 2an, Soledades: Conocerlas para actuar hitzaldia egingo da Andre Pozo ikertzailearen eskutik. Bakardadearen fenomenoan sakonduko du, eta aurre egiteko estrategiak aurkeztuko ditu: sentsibilizazioa, identifikazioa, prebentzioa eta esku-hartzea. Saioa, 18:00etan izango da, Karmele Igartua aretoan, gazteleraz.

Abenduaren 9an, Gabonak eta dolu prozesua hitzaldia izango da Eider Otsoaren eskutik. Doluan dauden familiei Gabonen garaian hutsuneari aurre egiteko gomendioak eskainiko dizkie. Karmele Igartua aretoa, 18:00etan. Euskaraz, bat-bateko itzulpen zerbitzuarekin.

Abenduaren 16an, berriz, Adineko pertsonentzako elikadura osasungarri baterako jarraibideak hitzaldia egingo du Garazi Abasolo nutrizionistak. Zahartzean elikadura osasuntsuaren garrantziaz eta praktika egokiez jardungo du. Karmele Igartua aretoan izango da, 18:00etan, euskaraz, bat-bateko itzulpen zerbitzuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak