Asfaltados Olarra SA enpresari esleitu dizkio asfaltatze-lanak Aretxabaletako Udalak, eta, joan den egubakoitzean lanen zuinketaren egiaztapen-akta sinatu ostean, sei aste izango ditu orain lanak egiteko. Gaur, eguena, hasi dituzte, Araba ibilbidean, hain zuzen ere, eta hurrengo egunetan beste sei gunetan jardungo dute, eguraldia lagun izanez gero. Lanen aurrekontua 700.000 euro ingurukoa da.
Aparkaleku batzuk kendu
Eguraldiak eta beste hainbat faktorek zeresana izango dutela lanen bilakaeran adierazi du Ion Albizuk, Hirigintza zinegotziak: "Dena den, errepide-mozketak egin behar izanez gero, jakinarazi egingo dira". Araba ibilbidean hasiko dituzte lanok, Belorrieta eta Bizkaia kaleen artean; eta behin bukatuta, errepideko marrak margotzeko itxi egin beharko dute bidea.
Ondo bidean, urriaren 31n, Belorrieta eta Zaraia artean izango dira asfaltatze-makinak. Horretarako, hango aparkalekuak kendu egingo dituzte, azaroaren 6a arte. Eta astelehenean, Errekabarren eta Belorrieta arteko zatia asfaltatuko dute; han ere kendu egingo dituzte aparkalekuak, hilaren 10a arte. Egoera kaskarrean eta hondoratuta dauden guneak konpondu egingo dituzte hiru guneetan.
Ondoren etorriko dira Bedarreta auzoa eta Basabe industrialdeko bidea; errodadura eremua asfaltatu egingo dute Basabe baserritik Coprecira artean. Agarre baserrirako bidea ere konponduko dute, eta Askotixa baserritik Etxezurira arteko errepidea ere bai, arekak barne.
Albizuk pazientzia eskatu die herritarrei sor daitezkeen eragozpenengatik, baina kaleak "nabarmen hobetuko" direla gaineratu du.

Bedarretako espaloia egokitzen
Martitzenean hasi zituzten lanak Bedarreta auzoan, Lausitta kaletik Otalorara bidean dagoen lehenengo zebra-bidearen alboan, hain zuzen ere. Espaloia moldatzea da asmoa. "Oinezkoengan jarri gura dugu bereziki arreta; zaharren egoitzatik gertu egonik, aulki gurpildunean dabiltzan asko pasatzen dira espaloi horretatik. Eta ibilbidea irisgarriagoa eta erosoagoa izan dadin gura dugu", adierazi du Albizuk.
Horren ondorioz, auzoko kale batzuetako zirkulazio-noranzkoak aldatu egingo dituzte; lanak egiten diharduten bidegurutze horretan, esaterako, ezingo da sartu-irtenik egin gero; irten bakarrik: "Mugikortasun Planaren zirriborroan aldaketa horiek jasota daude eta bizilagunei jakinaraziko dizkiegu aste honetan".
Espaloiko lanek 55.000 euro inguruko kostua izango dute. Eta behin lan horiek bukatuta asfaltatu egingo dute inguru guztia.

Bedarretako espaloia moldatzen.