Gaba Baltza sendotzeko ahaleginetan dihardu Loramendi euskara elkarteak azken urteetan, eta fruitua ematen dabil; bereziki, haurrekin egiten den lanketa.
Kale-eskearekin emango diote hasiera ospakizunari urriaren 31n. 18:00etan hasita, bi orduz jardungo dute horretan herriko komertzioetan, eta bakoitzaren ordutegia errespetatu beharko dute. Eskatu aurretik, gainera, koplak abestuko dituzte: Oilarrak kukurruku eta astuek arrantza, zerbaittek aztoratute jaiki die antza! Arima txuriz bete da gure gaba baltza, hilddekuek eta bizixak dantza ta dantza!
Behin eskea bukatuta, 20:00etan, ekitaldi nagusiaren txanda izango da, Herriko Plaza barrenean. Musika eskolako dantza taldekoek, gaztelekuko nerabeek eta antzerki taldekoek hartuko dute parte.
Ihes-gela, martxan
Ihes-gelak ez du hutsik egin, beste urte batez; aurten, baina, anbulatorio zaharrean kokatu dute. Gaztetxoendako zein helduendako izango ditu zabalik ateak, honako egun hauetan: urriaren 31n eta azaroaren 1ean, 2an, 6an, 7an, 8an eta 9an. Aldez aurretik hartu behar da txanda, formulario hau beteta: https://labur.eus/GBIhesgela.
Doluaren gaineko lanketa
Bestetik, doluaren bueltako lanketa egiteko bi saio antolatu ditu Loramendik, Manex Beristain terapeuta eta pedagogoarekin. Azaroaren 6an, Azken galdera amari ikuskizun musikatua egingo du familientzako, 17:30ean, eta hilaren 13an, 18:30ean, helduentzako tailerra, Heriotzari begirada bat izenburupean. Biak ala biak udaletxe zaharrean izango dira.