Joan den egubakoitzean asfaltatze lanen zuinketaren egiaztapen-akta sinatu zuen Asfaltados Olarra SA enpresak eta sei aste izango ditu orain, lanak bukatzeko.
Urriaren 30ean Araba ibilbidean jardungo dute, Belorrieta eta Bizkaia kaleen artean. Eta egubakoitzean margotze lanak egiteko asmoa dute Araba ibilbidean –lurra bustita baldin badago edo euria ari badu ezin izango dute egin–; kale erdiko marrak margotzeko bidea itxi egin beharko dute.
Urriaren 31n, egubakoitzean, Belorrieta eta Zaraia artean izango dira asfaltatze-makinak. Horretarako, hango aparkalekuak kendu egingo dituzte azaroaren 6a arte.
Azaroaren 3an, astelehenean, ostera, Errekabarren eta Belorrieta arteko zatia asfaltatuko dute; eta hemen ere kendu egingo dituzte aparkalekuak azaroaren 10a arte.
Espaloietako lanak
Bestalde, espaloiak zabaltzeko lanak hasiko dituzte Bedarreta auzoan; Excavaciones Arrasate enpresak izango du horren ardura. Horretarako, aparkalekuak kenduko dituzte urriaren 28an, martitzenean, eta bertan lanean dabiltzan bitartean ibilbidea itxita egongo dela oinezkoentzat zein ibilgailuentzat iragarri dute.