Gaur, egubakoitza, Arizmendi Ikastolako Basabeazpi gunearen 20. urteurreneko ospakizuna izango da. "Urteetan Aretxabaletako ehunka umek egin dituzte ikastolako ibilbideko lehenengo urratsak bertan. Baita urrats irmoekin hasi ere, goizetan atetik sartu eta berehala Basabeazpin aurkitzen duten konfiantza, zaintza eta errespetuzko giroari esker. Zenbat maitasun, bizipen eta esperientzia bildu dituzten ikastolako gazteenek. Baita bertako giro magikoa Aretxabaletako herrira barreiatu ere. Orain, bertako profesionalek egindako lana eskertzeko eta denon artean urtebetetzea festan ospatzeko momentua da. Horretarako, egitaraua antolatu dugu ikastolako irakasle, familia eta ikasleek", adierazi du Eneritz Urrutiak, Basabeazpi guneko arduradunak.
Era xumean, gozatzeko asmoz
17:00etan izango da ekitaldi nagusia, eta gaur egungo irakasleak, ikasleak eta haien gurasoak eta hogei urte hauetan proiektuaren parte izan direnak daude gonbidatuta; gero, 17:30ean bisita eta tailerrak izango dira, eta 18:30ean, berriz, musika eta jan-edanak izango dira bertaratzen direnentzat. "Egia esan, 20 urtean hamaika abentura bizi izan ditugu. Etxe txiki eta goxoa da Basabeazpi, eta familia giroan abentura horiek beti dira errazagoak eta politagoak, elkarri lagunduz, ume, familia, langile, lagun eta herri. Eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa dugu. Biharko eguna txute ederra izango da, beste 40 urtetan ere Aretxabaletak ikastola bizirik, indartsu eta gogotsu duela erakusteko".
Argazki erakusketa
Hori horrela, Atxabaltatik, Danondako herrixa egitten! lelopean, Basabeazpin 20 urte hauetan aritutakoak batzea eta garai hartakoak gogoratzea dela helburua adierazi dute antolatzaileek. "Ateak irekiko ditugu, eta erakusketa bat prestatzen ari gara, egunerako. Ikastetxetik pasa diren haur guztien argazkiak jarrita osatu nahi dugu-eta erakusketa; fintzen aritu gara egunotan, denen argazkiak bertan batzeko… eta lortu dugulakoan gaude", nabarmendu du Urrutiak.
5 urteko lehenengo gelakoak

Gaurko ekitaldira doazenentzako sorpresa argazki erakusketa izango da. Urtez urte izandako haurren, egindako ekintzen, irteeren eta bestelako hitzorduen argazkiak batu dituzte, eta batuta jarri. Horietako bat honako hau da: 5 urteko lehenengo gelakoek Aretxagazeta-ko bulegoa bisitatu zutenekoa, 2004- 2005eko ikasturtean.
Erakusketako beste erretratu batzuk:

