Urriaren 27tik 31ra bitartean ospatuko da Basotxo Erretiratuen Elkartekoen Kultura Astea. Aretxabaletako erretiratuen taldeko kideak urte osoan geldi ez dauden arren, pandemia aurretik egiten zen egitasmoa errekuperatu nahi dute, berriz ere elkarteko kideen artean errotzeko. Antolatutako hitzordu batzuk maiztasun batekin egin nahi dituzte, gainera, eta antolatutako horietatik bestelako saio eta tailerrak aterako diren aurreikuspena ere badute.
137 baserri dokumentatuta
Urriaren 27an, domeka, emango diote hasiera Kultura Asteari, eta, horretarako, Aretxabaletako baserriak hitzaldia antolatu dute. Arkupen izango da, 17:30ean, eta Basotxo Erretiratuen Elkarteko Resu Abasolo eta Jokin Antxia izango dira hizlariak. "Duela lau urte, paseoan aritzen ginen Resu eta biok auzoz auzo, eta baserri guztiei argazkiak ateratzea, ordenatzea eta zerrendatzea otu zitzaigun. Egindako lana udal webguneko kultura sailean argitaratu genuen, eta orain, egindako lanaren azalpenak emateko eskatu digute. Lan metodikoa izan da, eta, barrutik aztertu barik, baserriak kanpotik nola ikusten diren jaso dugu; 137 baserri dira, guztira", adierazi du Jokin Antxiak, Basotxo Erretiratuen Elkarteko kideak.
Txangoa eta ibilaldia
Urriaren 28n, berriz, txangoa egingo dute Basotxoko kideek. "Irunera eta Doneztebera joango gara. Bi autobusetan banatuta egingo dugu irteera, batak besteari ez itxaroteko… Batzuk Irunera joango dira, Oiasso Erromatar Museoa ikustera. Bertan, Erromatar Inperioaren garaiko Oiasso izeneko hiriaren aztarnak ikusteko aukera izango dute. Museoak antzinako bizimodua, merkataritza eta industria jarduerak modu didaktikoan ezagutarazten ditu. Baskotxoko besteak Doneztebera (Baztan) joango dira; gero, Donezteben elkartuko gara guztiok eta Santa Maria jatetxean bazkalduko dugu".
Urriaren 29an, berriz, ibilaldia egingo dute, oinez, Areantza auzora, 10:00etan Basotxotik irtenda. Hain zuzen ere, Boliña baserrirainoko bidea egingo dute, herritarrengan jarduera fisikoa sustatzea helburu duen Atxabalta Mugi egitasmoko Leire Juanbeltzek gidatuta. "Mugikoekin harremanetan gaude, eta hark gidatutako ibilaldia izango da. Irteerak erantzun ona badu, hilero egitea da asmoa. Ea nolako erantzuna izaten dugun eta jendea animatzen den".
Kide ohiei aitortza
Urriaren 30ean, aldiz, aitortza ekitaldia egingo diete Basotxoko batzordeko kide ohiei, Karmele Igartua aretoan, 17:00etan. Azken urteotan aldaketak izan dituzte Basotxokoek; egoitza ere aldatu dute, eta orain arte lanean aritu diren elkarteko kideei eskerrak emateko hitzordua izango dela nabarmendu du Antxiak: "Duela 43 urte hasi ginen Basotxorekin, eta, ordutik, 150 lagun inguru izan dira Basotxoko batzordeko kide; horietatik 50 bizirik daude, eta datozenei aitortza egingo diegu. Oroigarri bana emango diegu, eta Basotxo nondik datorren gogoratzeko tartea ere hartuko dugu, besteak beste". Horrekin batera, txokolate-jana izango dute, eguna borobiltzeko.
Kultura Asteari amaiera emateko, aldiz, Cerebro y meditación; el camino hacia el bienestar personal hitzaldia izango dute, Enma Ocamica eibartarraren eskutik. Hitzaldia Karmele Igartua aretoan izango da, 17:00etan, eta asmoa da entzundakoetatik bide berriak irekitzea, aurrera begira beste hitzaldi edo tailer bat antolatzeko, ongizatea ardatz.