Borja Conejos gailendu da Open Oztopo proban

Koldo Zubia Salas 2025ko urr. 18a, 21:21

Open Oztopo probaren zazpigarren edizioa jokatu dute Aretxabaletako trialsin gunean. 30 pilotu inguru aritu dira hainbat kategorietan lehian, eta, elite mailan, Borja Conejos madrildarra nagusitu da.

Goi Mailako pilotuak elkartu dira aurtengo Open Oztopo proban ere. Bi txandatan jardun dute; promesak, hasiberriak, alebinak eta infantilak aritu dira lehendabizi, eta, gero, kadeteak, juniorrak eta elite mailakoak, guztira 30 parte-hartzaile inguru.  Askotariko oztopoz betetako bost gune igaro behar izan dituzte pilotuek, eta, gune bakoitzean, ahalik eta puntu gehien egitea izan dute helburu.

Munduko txapeldunak lehian

Elite mailan, Borja Conejos gailendu da, 2021ean, Vic-en trials 20'' Munduko Txapelketa irabazi zuen madrildarra. Beste asko bezala,  Saudi Arabian azaroaren 4tik 8ra izango den munduko txapelketa prestatzeko etorri da Aretxabaletara, eta, 530 punturekin, bera izan da onena. Lehiaketa estua izan da oso, bigarren postuan sailkatu den Julen Saenz de Ormijana arabarrak 520 puntu lortu baititu. Hirugarren postuan, Daniel Baron sailkatu da, 480 punturekin.

Conejos ez da Munduko Txapeldun bakarra izan pilotuen artean. Ostadar koloreko maillota hamar aldiz jantzi duen Benito Ros ere parte hartzaileen artean izan da–seigarren postuan amaitu du–.  Emakumeak ere aritu dira, Alba Riera Munduko Txapelduna eta Vera Baron Europakoa –junior mailakoekin lehiatu dute–. 

Debagoienetik, Julen Arenaza arrasatearra ere aritu da, bosgarren amaitu du kadete mailan. Arenaza bera, eta Mikel eta Alvaro Jimenez anaiak izan dira Oztopo Trialsin kluba ordezkatu dutenak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak