Zabalik dago Huhezinemaren 19. ediziorako lanak bidaltzeko epea

Koldo Zubia Salas 2025ko urr. 16a, 14:46

Huhezinema jaialdiaren 18. edizioko sari banaketa, iaz. Irudia: Huhezinema.

Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiak ireki du lanak bidaltzeko epea. Urtarrilaren 21etik 23ra ospatuko da 19. edizioa, ohi bezala, Arkupe kultur etxeko zineman. 

Aurten ere bueltan dator Huhezinema; urtero Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko ikasle talde berri batek antolatzen duen Euskal Film Laburren Jaialdia. Urtarrilaren 21etik 23ra ospatuko da eta dagoeneko lanak bidali daitezke galdetegi honen bidez. Azaroaren 16a izango da film laburrak eta bideoklipak bidaltzeko azken eguna.

Sari ugari 

Aurreko edizioetako dinamika bera jarraituz, hiru sailetan parte hartzeko aukera dago: Sail ofiziala, ikasleen saila eta bideoklip saila. Sail bakoitzeko hainbat sari banatuko dituzte. Sail ofizialeko film onenak esaterako, Huhezinema saria, 650 euroko sari potoloa jasoko du, eta, gainera, 150 euro jasoko dituzte sail horretako finalista guztiek. 

Ikasleen sailean, 300 euro jasoko ditu film onenak eta Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako lan onenak 200 euro. Bideoklip onenarentzat berriz, 300 euroko saria izango da. Ikusleen saria ere banatuko da sail guztietan –100 euro jasoko ditu sari horren irabazleak–. Antolakuntzak aurreratu duenez, sari gehiago ere egon daitezke, "betiere babesle gehiagoren laguntza jasoz gero".

Lehiaketan parte hartzeko oinarriak eta sariei buruzko xehetasunak www.huhezinema.eus webgunean ikusi daitezke. Era berean, sare sozialetan emango dute aurtengo berrikuntza gehiagoren berri. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak