Inklusio Eguna ospatuko dute zapatu honetan, urriaren 18an. Lehenengo aldiz antolatu dute eguna, eta adimen urritasuna duten aretxabaletarrek eta haien familiek osatutako Aratz elkartekoek eta autismoa dutenen eskubideak defendatzeko sortutako DebaTea elkartekoek elkarlanean antolatuko dute jaia izango da.
Gizartean, hezkuntzan eta lan-munduan pertsona guztien parte-hartze osoa eta berdintasuna aldarrikatzeko jaia 11:00etan hasiko da, eta Herriko Plazan jolas inklusiboak eta puzgarriak jarriko dituzte. Gainera, txosna ere jarriko dute, eta paella jateko aukera egongo da, aurrez Uretz tabernan erositako txartelekin –paella-janerako txartelak komentuko eraikinean kokatutako Uretz taberna-jatetxean daude salgai; DebaTeak du haren ardura–.
Jokin Antxia. Aratz Elkarteko kidea
"Aratzekoek eta DebaTeakoek zein bertaratzen direnek jolasteko jolasak izango ditugu, eta elkar ezagutzea, harremantzea eta bi elkarteak indartzea izango da jai horren asmoa. Gainera, bi elkarte txiki izanda, bion baturarekin zerbait handiagoa egitea da helburua".
Deiane Madinabeitia. DebaTea Elkarteko kidea
"Kontzientzia kontu bat egingo dugu. Etortzen diren norbanakoak eta taldeak kontzientziatzeko gaitasun ezberdinak dituzten pertsonek euren lekua dutela aldarrikatzeko eta, zelanbait, horren inguruan zarata egiteko antolatu dugu biharko jaieguna".
Elkarlanean inklusioaren alde
"Bi elkarteok elkarlanean egingo dugun lehenengo ekintza izango da zapatukoa. Inklusio hitza asko entzuten ari gara azken urteetan, eta guri ere badagokigu inklusioaren alde lan egitea. Hori plazaratzeko hitzordua ere izango da biharkoa", adierazi du Jokin Antxiak, Aratz elkarteko kideak. DebaTea Elkarteko kide Deiane Madinabeitiak gaineratu duenez, agian ez da elkarrekin antolatuko duten ekintza bakarra. "Guk apirilaren egin izan ditugu ekintzak; apirilaren 2a Autismoaren Kontzientziazioaren Nazioarteko Eguna da, eta ordurako ere antolatuko dugu jaia. Ez dugu esan nahi bakoitzak berea antolatuko duenik hemendik aurrera, baina pentsatu genuen elkarrekin antolatzea eta mezuari bateratasun kutsu bat ematea".
Otarre ederra zozketan
Zapatuan, Herriko Plazan egongo diren jolasekin batera, San Migel jaietan ere aritu ziren jendartean DebaTeako hainbat kide Inklusio Egunean zozketatuko den otarre eder baten txartelak saltzen. Askotariko produktuekin osatutako otarrea da, eta zapatu arratsaldean jakingo da nor den sariduna.