Asteburu osoan ospatuko dute Urbaltz tabernaren 40. urteurrena. Ospakizun horrek komunitatea indartzeko eta oroitzapenak partekatzeko aukera ematea du helburu, eta horretarako hiru eguneko jaia antolatu dute, Urbaltz topalekuan urte hauetan guztietan egin den lanari gorazarre egiteko.
Erreferentziazko topalekua
Belaunaldi askok osatutako historiari segida emateko asmoz antolatutako jaia ere badela azpimarratu du Gari Igartuak, Urbaltzeko kideak: "Beste testuinguru batzuetan sortutako proiektuak dira elkarte gisa bertan egindakoak. Ordutik, Aretxabaletan erreferentzia handiko elkartea izan da, eta topaleku garrantzitsu izaten jarraitzen du jende askorentzat. Garrantzitsuena edo Urbaltzen indargune nagusia adin askotariko jendea batzen duen gunea dela da. Harreman asko sortzen dira, eta, horien bitartez, Aretxabaletari ere ematen diote beste bizitasun bat".
Asteburuko egitaraua
Egubakoitzean, 19:00etan hasiko dira kontzertuak. Karpa jarriko dute taberna kanpoan, eta Pineapple Sweets DJak hasiko dira musikarekin girotzen. Ondoren, Odolkiak Ordainetan taldearen kontzertua izango da, eta, DJek berriz musika pixka bat jarri ostean, Rebel Noise taldeak borobilduko du eguna. Afaldu nahi duenak, gainera, aukera izango du Ibai Alberdi aretxabaletarraren hanburgesak jateko.
Zapatuan, berriz, 12:00etan erraldoiak eta gaiteroak arituko dira kaleetan zehar. 13:00etan gildak jateko aukera egongo da, musikaz girotuko duten pintxadarekin. 14:30ean, 170 lagun batuko dira bazkaltzeko, eta sagardotegiko menua izango dute, catering batek prestatuta. 19:00etan, Legazpiko Xaukena elektrotxaranga arituko da musikaz girotzen, eta gauean, 22:00etan, Los Zopilotes Tributaus taldearen kontzertua izango da; janari furgoneta ere izango da, afaldu nahi duenarentzat. "Andramaixetan urtero egiten dira tributuak, eta duela urte batzuk Zopilotes Txirriaus taldearen bertsioak egin zituzten. Taldea berreskuratu, eta musikari gehiago ere batu dira taldera", gaineratu du Igartuak.
Domekan, berriz, Jon Basaguren musikaria buru duen taldeak borobilduko du Urbaltz tabernaren urteurrena. Izan ere, Izaki gardenak taldearen emanaldia izango da, 19:00etan.