30 bat pilotu, Open Oztopo proban

Mireia Bikuña 2025ko urr. 17a, 09:00

Aretxabaletako trialsin gunean egingo dute zapatuan Oztopok antolatutako trialsin proba: Open Oztopo 2025. Bi saio egingo dituzte: 15:00etan, promesak, hasiberriak, alebinak eta infantilak lehiatuko dira; eta 17:00etan, kadeteak, juniorrak eta elite mailakoak. "Oraingoa ez da inongo txapelketarako puntuagarria. Egun bateko proba izango da; baina, pozik gaude, izan ere, 30 bat parte-hartzaile espero ditugu. Ziur gaude ikuskizun polita eskainiko digutela", esan du Oztopo taldeko kide Aitor Muruak.

Aretxabaletako sarreran dagoen trialsin gunean bost gune zehaztuko dituzte antolatzaileek, zailtasuna ezberdinekin. Parte-hartzaileek bitan burutu beharko dute, ahalik eta puntu gehien lortzeko. Ibilbidea egiten duten bitartean epaile bat izango dute alboan, ongi eta gaizki egindakoak apuntatzeko. Bereziki, akatsak hartzen dira kontuan halakoetan.

Bizikleta gainean gainean ibiliko direnen artean daude Oztopo Trialsin Klubeko kide Mikel eta Alvaro Jimenez anaiak. Mendaroarrak dira, baina Aretxabaletako klubean dihardute. Julen Arenaza arrasatearrak ere parte hartuko du. 

Penintsula osotik datozen pilotuak ere espero dituzte; eta horien artean daude Munduko eta Europako txapeldunak: 2024ko Munduko Txapeldun Alba Riera; 2024ko Europako txapeldun Vera Baron; 2024an junior mailako Munduko Txapeldun Travis Asenjo; Munduko txapelketetako podiumean egondako Julen Saenz eta Dani Baron; eta Munduko txapelketa hamar aldiz irabazi duen Benito Ros. "Saudi Arabian jokatuko den Munduko Txapelketa prestatzera dator Riera, Barondarrak, Asenjo eta Saenz. Azaroaren 4tik 8ra izango da", azpimarratu du Muruak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak