"Urteetan Aretxabaletako ehunka umek egin dituzte Ikastolako ibilbideko lehenengo urratsak bertan. Baita urrats irmoekin hasi ere, goizetan atetik sartu eta berehala, Basabeazpin aurkitzen duten konfiantza, zaintza eta errespetuzko giroari esker. Zenbat maitasun, bizipen eta esperientzia bildu dituzten ikastolako gazteenek, baita
bertako giro magikoa Aretxabaletako herrira barreiatu ere!", adierazi dute ikastolako kideek pozik hogei urtetako ibilbideari begiratuta.
Atzera begiratu bakarrik ez, profesionalek egindako lana eskertzeko eta urteurrena ospatzeko unea ere iritsi dela uste dute. Horregatik, bertako kide direnekin eta izan diren guztiekin –irakasle, ikasle eta familia– jai giroan egoteko une bat hartuko dute urriaren 24an, egubakoitzean.
Ekitaldi ofizial batekin ekingo diote ospakizunari 17:00etan, eta gero, gunea bisitatu ahal izango da oroitzapenei lekua egiteko; jolasak eta tailerrak egongo dira gazteenendako; eta arratsaldea bukatuko dute musikarekin eta jan-edanekin.
Ospakizunerako gonbidapena zabaldu gura izan dute herritarren artean: "Ikastolako lagunak, ikasle-ohiak, familiak… Aretxabaletako herritar guztiak daude gonbidatuta bertara".