Boluntarioak gura dituzte merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan testuak euskaraz idazten laguntzeko

Mirari Altube Arrese 2025ko urr. 14a, 07:21

Denda, taberna eta abarretako jendaurreko testuak euskaraz idazten lagunduko duten boluntario sarea osatu nahi du Herriko Euskararen Mahaiak. Egitasmoaren berri emateko bilera deitu dute urriaren 16rako; 17:00etan izango da, Karmele Igartua aretoan. Parte hartu nahi duten guztiak gonbidatu dituzte bertara.

2024ko udazkenean AROA euskara biziberritzeko plana osatzeko prozesua jarri zuen martxan Aretxabaletako udalak eta hainbat eragilek eta herritarrek hartu zuten parte prozesu horretan. Behin hori bukatuta, Herriko Euskararen Mahaia (HEM) osatu dute udalak, Loramendi Euskara Elkarteak eta lanketa hartan parte hartu zuten zenbait herritarrek. 

Mahai horren abiapuntua izango da merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen arloari astindua ematea; hain zuzen ere prozesuaren baitan agertutako kezka nagusietako bat izan zelako euskarak gero eta presentzia urriagoa duela horietan. Hori lortzeko, herriko hizkuntza paisaian eta ohituretan eragin gura dute eta lehenengo lana izango da denda, taberna eta abarretako jendaurreko testuak euskaraz idazten lagunduko duten boluntario sarea osatzea.

Proiektuak bi partaide mota izango dituela zehaztu dute: batetik, euskararen erabilera indartzea nahi duten merkatariak eta ostalariak; eta, bestetik, helburu hori lortzen laguntzeko prest dauden herritarrak.

Egitasmoaren berri izan edo parte hartu nahi dutenentzat bilera deitu dute; urriaren 16an, 17:00etan, izango da Karmele Igartua aretoan.

Proiektuaren nondik norakoak

Egitasmoan parte hartu ahal izango dute interesa duten dendari eta ostalari guztiek. Hartuko duten konpromiso nagusia izango da, boluntarioaren laguntzaz, euren establezimenduko hizkuntza paisaia –errotuluak, menuak, eskaintzak…– euskaraz edo euskarari lehentasuna emanez jartzea.

Herriko Euskararen Mahaiko kideek uste dute proiektuak hainbat onura ekarriko dizkiela dendari eta ostalariei; besteak beste, bezeroei zerbitzu hobea eskaintzea, euren aldeko balorazio positiboa jasotzea…

Boluntarioei dagokienez, euskaraz idazteko gaitasuna duen edozeinek hartu ahal izango du eta horren egitekoa izango da negozioaren jabeari testuak euskaratzen edo euskaraz idazten laguntzea. Horrek guztiak boluntarioei ere ekarriko diela onurarik adierazi dute: "Batetik, euskararen aldeko ekarpena egin eta  hizkuntzaren normalizazioan eragile aktiboa izatea, eta bestetik, euskaraz bizitzeko aukerak ugaritzen laguntzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak