Nolako haurtzaroa izan zenuen?
Oso polita. Egunero egiten dut amets jaio nintzen herrian nagoela. Etxe umil batekoa naiz. Aita nekazaria zen, eta amak janaria saltzen zuen: txerrikia, haragia... Haragia erretzen hazi nintzen, tortillak egiten. Oso haurtzaro ona izan nuen, aita hil zenera arte; 9 urtera arte. Handik aurrera dena aldatu zen.
Zer aldatu zen?
Pobreago bihurtu ginen. Aita hil eta urtebetera, Las Calabazasera joan ginen bizitzera. 10-11 urterekin guztiok banandu ginen. Ni Managuara, hiriburura, joan nintzen bizitzera, izebarekin. Nire izebak hazi ninduen, eta beste izeba batek hona ekarri.
Zer ikasi zenuen?
Batxilergora arte, baina ez nien inoiz eman garrantzirik ikasketei. Ingelesa ere ikasi nuen, eta unibertsitatera joan nintzen hiru hilabetez. Nire ikasketak homologatu eta erizaintzako laguntzaile izateko ikasi nahi dut. Izebak esaten dit: "Inoiz ez zaizu ikastea gustatu". Orain, damutu egiten naiz.
Zergatik joan zinen Nikaraguatik?
Beti nahi izan dut bidaiatu. Hiru urtez Guatemalan bizi izan nintzen izeba batekin, baina handik hiriburura itzuli nintzen. Izeba, ordea, hona etorri zen, eta, ostean, familia ekarri zuen. Beti eman nahi izan diet bizitza hobea nire semei. 2018an, iraultza izan zen Nikaraguan, eta ikusi nuen Managuan bizitzea kaotikoagoa zela, ez zegoelako demokraziarik. Nire izebak animatu ninduen hona etortzera, amak ere bai. Supermerkatu batean egiten nuen lan, eta hango arduradunak ere honako hau esan zidan: "Haydee, hobe da urtebetez sufritzea inoiz ez saiatzea baino". Beharragatik etorri nintzen.
Familiak erabakia babestu zuen?
Latinoamerikan, normalean, gizonak ez dira seme-alaben zaintzaz arduratzen. Matxismo handia dago. Lanera eta bakarrik nentorren hona. Nire senarra konbentzitu nuen, ni hona etorrita semeek bizimodu hobea izango zutela esanez. Haren laguntza barik ezingo nukeen egin.
Nolako bidaia izan zen?
Munduko penarik handienarekin utzi nuen familia. Oso triste nengoen. Aldaketa sekulakoa izan zen. Hotz handia egiten zuen, eta ez nintzen egokitu. Gainera, urduritasun handia nuen. Lehen egunetan, hotzarekin eta urduritasunarekin ia-ia ezin nintzen oinez ibili. Nire lehengusuek asko lagundu zidaten psikologikoki.
Eta familiarekin berriro elkartu zinen unea?
Bilbon izan zen, baina Madrildik Bilbora iritsi arte bideo-deiak egin genituen. Nire seme txikia "amatxo, amatxo" esanez iritsi zen. Ia bi eguneko bidaia egin zuten. Besarkada asko eman genituen.
Lasaitasuna sentitu zenuen?
Bai; oraindik sentitzen dut. Txartelak erosi nituenetik ezberdin sentitzen nintzen. Jainkoari eskatu nion haiei ezer ez gertatzeko. Iritsi zirenean, han egongo banintz bezala sentitzen nintzen.
Aldaketarik sumatu zenuen?
Eguraldiaz gain, janaria. Ia ez dugu arrozik jaten orain. Fruta, barazkiak eta arraina merkeagoak dira hemen. Han txipiroiak ametsetan ere ez nituzke erosiko.
Aretxabaletak zer eman dizu?
Ezin duzu imajinatu. Familia onekin egin dut topo. Zaindu ditudan adinekoen familia guztiek ondo hartu naute eta asko lagundu didate. Oso eskertuta nago zaindu ditudan familia guztiekin. Esan dezaket ia nire jaioterria dela.
Herrialde segurua da Nikaragua?
Ez. Delinkuentzia handia dago; gainera, asko gazteak dira. Nire semea aitarekin ibiltzen zen motorrean batetik bestera. Hemen bakarrik joaten da Gasteizera, Arrasatera... 03:00etan ere lasai ibiltzen da. Han 22:00etatik aurrera ezin zara oinez kalean ibili bakarrik.
Zer igartzen duzu faltan?
Lagunek askotan galdetzen didate, baina ez diet erantzun nahi. Jaioterria, amona, ama eta gainerako senideak igartzen ditut faltan. Nikaragua ez dut herrialde bezala faltan igartzen. Ez dizu ongizaterik ematen.
Bisitan joan zara?
Ez, oraindik ez. Ea urtebetera edo bi urtera joaten naizen. Berriro ikusi eta besarkatu nahi ditut etxekoak.
Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?
Hasierako helburua zen dirua aurreztu eta Nikaraguan etxe on bat eraikitzea. Migrante askok egiten dute hori. Baina familia hona ekarri dut, eta ez zaigu buruan sartzen itzultzerik. Gertukoak harritu egiten dira erabaki horrekin, baina gu hemen gaude eta irabazten duguna hemen gastatzen dugu.
Euskaraz eta euskaldunez egin du berba Haydee Mendozak
Asko gustatuko litzaioke euskaraz ikastea, baina oraindik ez da hasi, denbora faltagatik: "Lan egin eta umea zaindu behar dut, ez daukat denborarik". Dena den, hitz solteak menperatzen ditu: "Semeak behin esan esan zidan: 'Amatxo, eman eskua". Ez nion ulertu, baina orain badakit zer esan nahi duen. Gainera, azaldu du orrietan idatzita daukala hiztegi moduko bat: "Cabeza-burua, manos-eskuak... Horrela, pixkanaka ikasten dut".
Euskaldunak nolakoak diren galdetuta, dio denetik dagoela, baina "oso leialak" direla: "Esaten dutena betetzen dute".