Partidua aldapa gora jarri bazaie ere Unai Calzonen mutilek euren aukeratan sinistu dute, eta ligako oilarren artean ahalik eta denbora gehien egiteko beste hiru puntu batu dituzte (13). Hala, ligako bigarren postuan daude aretxabaletarrak, puntu bat gehiago daukan Portugaleteren atzetik.
Palestinarren aldeko ekimena
Partidu hasieran jokalariek minutu bateko isilunea gorde dute Gazako herritarren omenez, eta bertako sarraskian izandako hilketak salatu dituzte, besteak beste, futbol zelaiaren kanpoaldean jarritako banderarekin, eta bi urte hauetan hil dituzten 20.000 haurren izen-abizenak jaso dituzte, amaigabea zen zerrenda horman bertan itsatsita.
Partidu hasieran, berriz, aretxabaletarrek espero ez zuten kolpea etorri da, zelaian ondo kokatuta egonda ere, eskuin hegaletik egindako erdiraketa batean arabarrek urrea lortu dutelako. Ordura arte aretxabaletarrek partidua ondo hasi badute ere, atzelarien artean ez dute elkar ondo ulertu markaketa nori zegokion erabakitzerako orduan, eta Aurrerako Nicolas Diazek ez du akats hori barkatu (0-1).
Aretxabaletarrei, baina, gol horrek ez die aparteko kalterik egin, ez behintzat norgehiagokari buelta emateko gaitasuna ez zeukatenik sinistarazteko, eta lanean jarraitu dute, lehenengo zatiaren amaieran Unax Zangituk eskuin aldetik egindako erdiraketa bat saretara bidali duen arte (1-1)
Bigarren zati hasieran, bikain
Bigarren zatiaren hasieran Calzonen mutilek erabakita utzi dute norgehiagoka. Lehenengo, Unai Sanchezek aldaratze bat jaso eta area kanpotik 2-1ekoa egin duenean. Jarraian, ezkerraldean Markel Arosaren eta Eñaut Zumarragaren artean egindako jokaldi baten ondoren baloia Unai Belokik area txikian bere burua lurrera botata errematatu eta saretara bultzatu du (3-1). Eta ez da gol bakarraz konformatu, minutu gutxitara Ibarrondok loratuta emandako pase baten ondoren egin du eta Belokik 4-1ekoa, defentsen lerroa hautsi eta atezainaren albo batetik jaurtiketa barrura bidalita. Aldea txikitzea lortu dute gasteiztarrek bigarren gola eginda (4-2), baina ez dira aretxabaletarrak gehiago estutzeko kapaz izan.
Ohorezko erregionalean, etxekoak ondo
Gizonezkoen kategorian etxetik kanpora jokatu duten Mondrak eta Bergarak irabazi egin dute, biek 2-1eko emaitzarekin. Emakumezkoetan ere Debagoiena bailarak 2-1 egin du, eta bergararrek 1-1eko emaitza lortu dute. Erregional preferentean berriz, Aloña Mendik bigarren postuan jarraitzen du, asteburuan Zestoari 2-0 irabazi eta gero.