Udal Gobernu Taldeak aurkeztutako proposamenaren helburua izan zen zerga eta tasen politika eguneratzea eta "udalaren jasangarritasuna eta zerbitzu publikoen kalitatea" bermatzea. Era berean, adierazi zuten kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko gaitasuna ez galtzea berebizikoa dela: "Zerbitzu publikoen kostua gero eta handiagoa da, eta beharrezkoa da udalaren diru-sarrerak egokitzea".
Garikoitz Iturbe alkateak azaldu zuen ez dela eguneraketa orokor bat izango: "Eguneraketa asimetrikoa izango da. Udaleko zerbitzu bakoitzaren egoera ekonomikoa aztertu da, eta horren arabera egin da proposamena. Horrek esan nahi du, adibidez, zerbitzu batzuen tasek ez dutela igoerarik izango, eta beste batzuetan berriz, eguneraketa txiki bat aurreikusten dela, kostuen gorakadari erantzuteko, tasen kasuan".
Igoerarik izango ez dutenen artean dago ibilgailuen zerga, eta haur eskolako zerbitzuari dagokiona ere ez da igoko.
Gainerakoek igoera izango dute, baina kopuru berbera ez. Hondakinen tasa, esaterako, %0,5 bakarrik igoko dute, "zerbitzuaren kostu errealari erantzuteko". Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (IBIa) %2; ur-zerbitzuaren tasa, %2,3, udalak hornitzaileari ordaindu behar dion prezioaren gorakadari dagokiona. Kiroldegiari eta bestelako tasa txikiei %2,9ko igoera aplikatuko diete, Gipuzkoako azken KPI pilatua kontuan hartuta.
Hobariak eta laguntzak
Udalak hobarien aldeko apustua egiten jarraitu gura du: "Helburua da herritar guztiek zerbitzu publiko guztietara sarbidea izatea, egoera ekonomikoak mugarik jarri gabe. Orain arte ezarritako hobari-sistema egonkortu eta pixkanaka zabaldu nahi da, gizartearen beharretara egokitzeko".
Laguntza berri bat ere izango da datorren urtean, komertzio berriei eta ekintzailetza zentroko erabiltzaileei bideratutakoa. Hala, lehenengo hiru urteetan, %95eko hobaria izango dute uraren eta hondakinen tasetan horiek. "Neurri hau ekintzailetza eta merkataritza berriak sustatzeko da, udalerrian jarduera ekonomiko berriak errazteko", zioen alkateak.
Ordainketak zatika
Beste berrikuntza bat izango da ordainketak frakzionatzeko aukera. Orain arte ordainketa bakarrean egin behar ziren zergak eta tasak, baina aurrerantzean, zatika ordaindu ahal izango dute, hala eskatuz gero: "Horrek malgutasuna eta erosotasuna emango die familiei eta enpresei".
EAJren Udal Taldea bat etorri zen aurkeztutako proposamenarekin. Baina hondakinen tasari dagokionez eskatu zuen herriz herriko kostua kalkulatzea, herritarrei hori aplikatzeko.
EH Bilduko Ion Albizuk erantzun zion hala eginez gero mankomunitateak zentzua galduko lukeela, eta gainera, ondo kalkulatu beharko litzatekeela gerta litekeelako herri txikiei kostua asko igotzea. Gaineratu zuen birziklatze tasak ere eragina izango lukeela kostua kalkulatzerakoan.