Otala Zelai hautatu dute aurtengo jaia egiteko

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urr. 10a, 12:56

Iaz, Kuartela Herrira egitasmoko bazkaria Herriko Plazan egin zuten

Herriko sortzaileek –batez ere, elkartean berriak direnak– girotuko dute Kuartela Otala Zelaira jaia, zapatuan, Otala Zelain. Zuzendaritza Batzordea ere berrituta, musika, dantza eta herri giroa auzoetara zabaltzeko jaia izango da antolatutakoa.

2019an, 2022an eta 2024an Herrixa Kuartelera egitasmoa egin zuten, eta 2023an, aurten moduan, Kuartela Herrira antolatu dute. Duela bi urte kalean, tabernetan eta herriko askotariko txokoetan antolatutako jaiaren ostean, aurten auzoetara mugitu gura izan dute, eta, Otala Zelai leku aproposa dela erabakita, bertan egingo dute festa, zapatuan.

Batzorde berria

Kuartela kultur elkarteko zuzendaritza batzorde berria ere erabaki dute, eta martxan da talde berria. "Hiru urtetik behin aldatzen dugu, eta, kide berriak proposatuta, animatu egin ziren, eta ekainera arte orain arte egon garenak eta berriak elkarrekin aritu gara lanean, errelebo aldaketa egiteko. Iker Martinez, Josu Irure, Eñaut Zubizarreta, Beñat Abasolo eta bostok [Peio Uribetxeberria] geunden, eta orain sartu dira Andoni Lapuerta, Gari Barandiaran, Julene Rosado, Markel Perez eta Unai Iturriotz. Erabaki nagusiak asanbladan hartuko ditugun arren, kudeaketaz eta bestelako lanez arduratzeko talde ederra osatu da", adierazi du Peio Uribetxeberriak, Kuartela kultur elkarteko kideak.

Egitaraua

  • 12:30 Jonflan&Beñat.
  • 14:30 Bazkaria –txartelak Urbaltz eta Ezkutu tabernetan–.
  • 16:30 Troxka dantza taldea.
  • 17:30 Kontzertuak: Bogside; Ateri; eta Orei.

Herriko talde berriekin

Kuartela Otala Zelaira programazioan parte hartuko duten guztiak aretxabaletarrak dira; gehienak, egitasmora batu berriak. Hala, Kuartela Otala Zelaira jaia Otala Zelain izango da, baina, eguraldi txarra egiten badu, Herriko Plazara lekualdatuko dituzte ekintza guztiak.

Kontzertuetarako tarima jarrita, eta edarientzako barrarekin, 12:30ean Jonflan&Beñat bikotearen emanaldiarekin hasiko dute jaia. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute bertan, eta 50 lagun inguru batuko dira bazkaltzeko. 16:30ean, Troxka dantza talde berria arituko da, estreinakoz.

Dantza talde berria

Troxka Dantza taldeak, duela urtebete inguru haren saioa prestatzen izan ostean, ikuskizuna prest du biharko. Bederatzi dira taldean: gaiteroak eta txistulariak, trikitilariak eta pandero-joleak, eta ahotsean Uxue Balanzategi. Hala, euren lehenengo emanaldia izango da zapatukoa.

Troxka dantza taldeak bere lehenengo saioa egingo du zapatuan, Otala Zelain

Dantzen ondoren, 17:30ean, Bogside, Ateri eta Orei musika taldeen kontzertuak izango dira. Bogside taldeak San Migel jaietan eman zuen lehenengo kontzertua, udaletxe zaharrean; Ateri taldearen lehenengo kontzertua izango da; eta Orei taldeak ere emanaldia egingo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak