Aretxabaletako Udalak azken urteetan udalerriko hainbat eremutan haurrentzako txintxaun eta jolasguneak jartzeko ahalegin handia egin du, eremu horien erabilera handia dela eta. Hala, parkeen mantentze-lanen hobekuntza ezinbestekoa dela ikusita, Udalak plana jarri du martxan.
Bi helburu nagusi
Jolasgune guztiak seguruak izateko adin tarte guztientzat, eta elementu berriekin erakargarritasuna eta kalitatea areagotzeko bi ardatz nagusi izango ditu plan honek. Batetik, parkeetako mantenimendua hobetzea, beharrezko konponketak egitea eta, etorkizunera begira, mantenimendu iraunkor eta eraginkor bat bermatzea. Bestetik, parkeen zati batzuk berritzea, lurra hobetzea eta jolas-elementu berri eta berritzaileak sartzea.
Plana martxan, burutu dituzte lehenengo lanak. Azken asteetan konponketak egin dira Lausitta, Bedarreta eta Kurtzebarri osteko parkeetan. Datozen asteetan, berriz, konponketa lanak Iralabarri eta Gernika plazako parkeetan egingo dira. Lan horien ostean, udalerriko parke ezberdinetako lurzorua berrituko da, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuarekin, eta hainbat parketan elementu zaharrak kendu eta berriak jarriko dituztela aurreratu dute Udaletik. Lan guztiak hurrengo urteko lehenengo hilabeteetan amaituta egotea aurreikusten dute.