UDAk elkartasuna adieraziko dio palestinar herriari aste bukaerako partiduetan

Mirari Altube Arrese 2025ko urr. 7a, 18:30

UDAk iragarri du aste bukaera honetan Ibarran jokatuko diren partiduetan minutu bateko isilunea egingo dutela Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Horrez gain, hirugarren mailako taldea Palestinako banderarekin zelairatuko da eta jokalariek besoko beltzarekin jokatuko dute –Aurrera Vitoriaren aurka, domekan, 16:30ean–. Era berean, zaleei eskatu diete lapikoak eroateko, horiek astintzeko atsedenaldian. Futbol zelaiaren bueltan, gainera, genozidioan hildako umeen izenak idatziko dituzte.

 

Bestetik, UDAk gutuna bidali die jokalarien familiei elkartasun hori erakutsiz. Hona hemen gutuna:

Gure ahotsa, Palestinaren alde

UDA Kirol Elkarteko kideok, gure balio nagusiak elkartasuna, batasuna eta errespetua direla sinetsita, gure ahotsa altxatu nahi dugu Palestinan gertatzen ari den genozidioaren aurrean.

Kirolak elkarbizitza, bizikidetza eta kiroltasuna irakasten dizkigu. Haurrek jolastu, ikasi eta amets egiteko eskubidea dute, nonahi jaio direla ere. Gaur egun, ordea, Palestinako haur, emakume eta gizon askok ez dute eskubide horiek bermatuta: euren bizitzak, etxeak eta etorkizunak zapalduta ikusten dituzte. 2023tik 20.000 neska-mutil hil dituzte Palestinan.

Horregatik, gure kirol elkarteak argi eta garbi adierazi nahi du:

  • ● Gaitzesten dugu Palestinako herriaren aurkako genozidioa.
  • ● Exijitzen dugu nazioarteko komunitateak berehala esku hartu dezala sufrimenduari amaiera emateko.
  • ● Eskaera egiten dugu giza eskubideak eta bakea errespetatu daitezen.

UDA kirol elkartetik, gure komunitateko familia eta kide guztiei dei egiten diegu:

  • ● Bat egin dezagun elkartasun oihu honetan.
  • ● Hezi ditzagun gure seme-alabak justizian eta bakean.
  • ● Ez gaitezen isiltasun konplizean erori.
  • ● Gure hitzak ez dira nahikoa izango, baina isiltzea ez da aukera. Gure kiroldegitik, gure futbol-zelaitik, gure frontoitik, gure herritik, gure bihotzetik, Palestinaren aldeko ahots sendo eta argia altxatzen dugu.

Gure ahotsa, Palestinaren alde.
UDA Kirol Elkartea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak