Elkarlanean mural parte-hartzailea egin dute Gu Haziak Gara elkartekoak eta GSRko egoiliarrek

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urr. 3a, 12:00

Aretxabaletako Lausitta kalean mural parte-hartzailea margotu dute GSRko egoiliarrek, Gu Haziak Gara elkarteko kideen eta herriko artisten laguntzarekin, eta Kurtzebarriko ikasleekin elkarlanean. Egoiliarrak herrira gerturatzea izan da helburua.

GSRko egoiliarrak eta herritarrak elkartzeko helburuarekin sortu zuten mural proiektua dagoeneko gauzatu dute. Aretxabaletako Udalak Gu Haziak Gara elkartearekin elkarlanean jarri zuen martxan ekimena, eta parte-hartze prozesu baten bidez garatu da. Proiektuaren abiapuntuan, GSR egoitzako egoiliarrekin lanketa egin zuten, euren ideiak eta iritziak jasotzeko. Ondoren, lau artista hautatu zituzten murala diseinatzeko, eta, horietako batek egindakoa hautatuta, joan den astean egin zuten murala, elkarlanean. Margolanaren inaugurazioa, berriz, atzo egin zuten, horma-irudia egin duten lekuan bertan, musika pixka batekin, hamaiketakoa eginez.

Hain zuzen ere, irailaren 24an GSRko egoiliarrak murala margotzen izan ziren Lausitta kaleko etxebizitza baten aurrealdean –anbulatorio atzean–, hiru margolariren gidaritzapean: Joana Manzisidor –Gu Haziak Garako kidea eta margolari arrasatearra– eta Izaro Sanchez eta Iban Urreta aretxabaletarrak; eta Kurtzebarri eskolako DBHko ikasleek ere hartu zuten parte muralaren margoketan.

Egitasmo landua

Joana Manzisidor Gu Haziak Gara elkarteko koordinatzaileak egitasmoaren prozesua nolakoa izan den adierazi du: "Iaz, Aretxabaletako Udala gurekin harremanetan jarri zen, mural parte-hartzaileak egiten ditugulako, eta GSRkoekin batera mural bat egitea nahi zuten. Orduan, tailerrak egin eta egoiliarrekin egindako lanketa haietan landu nahi zen gaia zehaztu genuen, lehenbizi; gero, gai hura irudikatzeko elementuak zehaztu genituen…; amaitzeko, hainbat bozeto prestatu genituen". Egoiliarrei margotzen laguntzen Iban Urreta Mutiko Kristal aretxabaletar artista ere aritu da, eta pozik dago egindakoarekin: "Lau bozeto egin genituen, eta herrira ireki, bat aukeratu, lekua finkatu eta gustura aritu gara elkarrekin margotzen. Egitasmo aberasgarria izan da".

Kokapena ondo aukeratuta

Ekimen horrekin GSRkoak herrira gerturatu nahi dituzte, egoitzaren kokapenarengatik herrigunetik pixka bat aldenduta daudelako; hori izan da egitasmoaren helburua: "Murala egin dugun pareta oso aproposa da, errekaren beste aldetik pasealekua dagoelako. Egoiliarrak paseatzen aritzen dira bertatik, baina herritar asko ere aritzen denez handik, egindako lana bistara dago guztiontzat", dio Manzisidorrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak