Prestakuntza tailerrak izango dituzte nerabeek eta gurasoek datozen asteetan

Mirari Altube Arrese 2025eko urriaren 3a

Nerabeen harreman-moduei buruzko hausnarketa bultzatu gura dute Treba programaren bitartez eta osasun mentaleko ohitura osasungarriak sustatu. Horretarako, hiru hitzaldi antolatu dituzte adituen eskutik datozen astetarako, bi nerabeendako eta beste bat gurasoendako.

Haurren, nerabeen eta gazteen autonomia eta garapen pertsonala sustatzeko asmoz Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Treba egitasmoaren baitan, hiru prestakuntza-ekimen izango dira udazkenean: bi nerabeei bideratutakoak, eta bat gurasoei.

Helburua da nerabeek harremanak izateko dituzten moduei buruzko hausnarketarako espazio horizontal seguru bat sortzea, kuadrilla ardatz izanik. Horretarako, Kuadrillen arteko saltsak izenpean egingo dute lan-saioa, urriaren 14an, 18:00etan. Beñat Benitezek gidatuko du, psikologian graduatua eta Terapia Dialektiko Konduktualetan oinarritutako Esku-hartze Psikoterapeutikoetan aditua.

Bigarren saioa, berriz, Emozioak ezagutzen izenekoa, azaroaren 5ean izango da, hau ere 18:00etan. Carol Palaciok –esku-hartze sozial eta komunitarioan espezializatutako psikologoa–, Leire Urrak –osasun psikologoa– eta Aitziber Eguskiza –psikologo, terapeuta eta zuzenbidean lizentziatua– bideratuko dute eta helburua da osasun mentaleko ohitura osasungarriak sustatzea, arrisku-faktoreen prebentzioa eta babes-faktoreen garapena bultzatuz. 

Biak 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude eta Atxagazte gaztelekuan izango dira.

Gurasoendako saioa ere bai

Gurasoei bideratutako saio bat ere antolatu dute. Osasun mentala eta nerabeak hitzaldia egingo da urriaren 15ean, 18:00etan, Arkupen. Familien erantzukizuna lantzea eta seme-alaben osasun mentala zaintzeko tresnak ematea du helburu eta Estibaliz Ansoategik gidatuko du.

Edozein saiotan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dute honako helbidean: gazteria@aretxabaleta.eus 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak