Aretxabaletako neska talde bat Poloniara joango da astebetez

Mirari Altube Arrese 2025ko urr. 2a, 14:54

Hainbat herrialdetako neska gazteak iaz, Polonian. (Argazkia: Aretxabaletako Udala)

Aretxabaletako DBH-4ko zazpi neska eta gaztelekuko bi hezitzaile Poloniako Pisarzowice herrian izango dira urriaren 6tik 12ra bitartean. Erasmus+ programaren baitan antolatutako ekimena da, urriaren 11ko Neskatoen Nazioarteko Egunaren harira.

Iaz legez, Pisarzowice herria izango dute topaleku hainbat herrialdetatik joango diren neska gazteek. Han elkartuko dira Poloniakoekin batera, Turkiako Niñufer hirikoak, Alemaniako Wiesbaden-ekoak, Palestinako talde bat etan Aretxabaletakoak.

Astebeteko egonaldia egingo dute eta ahalduntzera bideratutako topaketa bat izango da. Herrialde desberdinetan neska izatea zer den, nola bizi diren, zein egoera bizi dituzten, eta, azken finean, neska izateak suposatzen duenaren gainean hausnartuko dute. Elkarrekin biziko dira zazpi egunez eta tailer eta hausnarketa saioez gain aisialdi ekintzak, irteerak eta bestelakoak egingo dituzte.

Bizipenen gaineko aurkezpena

Poloniatik bueltan, han bizi izandakoa partekatuko dute gaztelekuan gainerako erabiltzaileen, lagunen eta gurasoen aurrean. Gainera, datozen hilabeteetan nesken parte-hartzea bultzatzeko proiektu bat pentsatu eta garatuko dute; urrian hasi eta abendura bitartean ekintza bereziak antolatuko dituztela iragarri dute. 

Erasmus + egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko haur, nerabe eta gazteen sustapen sailak eta Aretxabaletako udalak bultzatu dute elkarlanean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak