Adinka antolatu dituzte ate irekien txandak eta 40 lagunendako lekua izango dute bakoitzean. Haur Hezkuntzako haurren ordutegia izango da 17:00etatik 18:00etara; eta Lehen Hezkuntzakoena, 18:00etatik 19:00etara.
Izen-ematea urriaren 6tik
Behin ate irekiak bukatutakoan, izena emateko epea zabalduko dute; urriaren 6tik 20ra bitartean izango da horretarako aukera. Urteko kuota 90 eurokoa da haur bakoitzeko –hirugarren haurraren matrikula debalde–. Gainera, diru laguntzak eska daitezke.
Algara ludoteka 3-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako zerbitzua da, eta ikasturteko ordutegia da astelehenetik egubakoitzera, 17:00etatik 19:30era.

Helburu hezitzaileak
Algara ludoteka Udal zerbitzua da eta Loramendi euskara elkarteak kudeatzen du. Helburu nagusiak honako hauek dira: "Haurren ongizatea eta garapen pertsonal zein soziala sustatzea, aisialdia modu osasuntsuan, aktiboan eta sortzailean bizitzeko aukera eskainita".
Horrez gain, honako beste hauek ere bultzatu gura dituzte: bizitzarako oinarrizko jarrerak eta trebetasunak garatzea; beste haurrekin eta hezitzaileekin loturak eraikitzea; bizikidetza, errespetua eta kulturartekotasuna sustatzea; sormena eta ekimena lantzea; erabakiak hartzeko eta iritziak partekatzeko gaitasuna sendotzea; eta haurrek heltze-prozesuan erreferente iraunkorrak izatea.