Biologiako gradua ikasi zenuen; zerk bultzatuta?
Txikitatik gustatu zaizkit landareak eta animaliak. Hasieran, Albaitaritza ikastea nahi nuen, baina konturatu nintzen odolarekin ez naizela oso ondo moldatzen.
Valentziara joan zinen masterra egitera, eta orduan gertatu zen tanta hotzaren ezbeharra; nola bizi izan zenuen?
Kurtsoa hasi eta bi astera gertatu zen guztia. Egun batetik bestera, ezagutzen ez nituen ikaskideetako asko laguntza eske nituen, eta orduan sortu genuen lagun taldetxoa. Ura eskatzen ziguten gehien. Frustragarria zen, hiria normal zegoelako, baina inguruko guztia ez.
Zure inguruan eragin handia izan zuen?
Ni hirian bizi naiz, eta hara ez zen ezer heldu. Baina eskola guztiak online ziren; izan ere, garraio publikoa ez zegoen erabilgarri, eta Paiportako eta inguru hartako ikasleak ezin ziren herritik irten. Hilabetez egon ginen horrela. Nik zortea izan nuen, eta pisukideekin sekulako harremana egin nuen. Azaroan itzuli ginen eskoletara, baina Valentzia hirian normaltasuna ez zen une batena ere galdu.
Valentzian zaude orain, eta lan bila zabiltza; Euskal Herrian aukera gutxi dago?
Ikerketaren arloa gustatzen zait gehien niri, baina ez da askorik inbertitzen arlo horretan, eta, hortaz, oso lanpostu gutxi daude. Oso exijentea da, oso konpetitiboa. Enpresa pribatuetan sartzeko, bailara mailan ingeniaritzara bideratuta dago gehiena, eta bioteknologia munduan ez dago ia ezer. Valentzian jarraitzeko gogoa nuenez eta hemen ikerketa arloko lanpostu gehiago dagoenez, hona etorri nintzen.
Zer pentsatua ematen du horrek?
Pentsarazten du dirurik ez dagoela. Edo dagoena ematen zaiela enpresa pribatuei, zeintzuetan ikertu dezaketen patentatu daitekeen zerbait, eta ez unibertsitateko ikerketei.
Mendia gustuko duzula diozu; Valentzian baduzu aukerarik?
Hona iritsi nintzenean konturatu nintzen Valentzia dela munduko hiririk lauena; ez dago aldaparik. Hortaz, hemen, korrika egitera irteten naiz; izan ere, lasterketa mordoa antolatzen dituzte. Horrez gain, aisialdirako kultur eskaintza oso handia dago.
Aretxabaletara itzultzea badago zure planen artean?
Noski! Oso aretxabaletarra naiz, eta oso argi daukat han bizitzea nahi dudala. Aretxabaletan baino hobeto ez naiz inoiz biziko, baina ez dut inongo presarik.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Nire pisukidearen patata-tortilla.
Abesti bat? Mutiko-ren Muxutruk.
Bailarako mendi bat? Kurtzebarri.
Poteoan edateko zer? Garagardoa.
Aretxabaletako toki bat? Txarapea, baina jaietan.
Valentziako toki bat? Turia parkea.