Udala eta UDA elkarrekin dabiltza lanean, komunitatea, herrigintza eta elkarbizitza ardatz hartuta

Mirari Altube Arrese 2025ko ira. 26a, 16:58

Garikoitz Iturbe alkatea eta UDAko presidente Agurtzane Elkoro, futbol zelaian.

"Zaintza erdigunean duen herria eraikitzea" helburu izanik, elkarrekin dihardute lanean Udalak eta Aretxabaleta kirol elkarteak, azken sasoian. Lanketa horretatik abiatuta UDAk erabaki du suziririk ez botatzea aurrerantzean, partiduetan.

"Bi erakundeok dugu helburu zaintza erdigunean duen herri bat eraikitzea", adierazi dute Garikoitz Iturbe alkateak eta UDAko presidentea Agurtzane Elkorok eta aspalditxoan dutela elkarren proiektuen berri gaineratu dute: "Zaintza modu zabalean ulertu behar da: bai pertsonena, bai herriaren hiri-altzariena ere".

Zaintzaren oinarrietako bat bizikidetza dela argi dute: "Eta azken boladan herrian gertatutako hainbat gertaerak ez dute laguntzen horretan". Horregatik, elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu dute, "bizikidetza eta zaintza indartzeko".

Ildo horretatik, suzirien gaia landu dute, herrian "hainbat arazo" sortzen dituztelako horiek. Eta bien aldetik hainbat konpromiso hartu dituzte: UDAk erabaki du aurrerantzean ez botatzea partiduetan; eta Udala, araudi bat prestatzen dabil. "Suzirien erabilerak sortzen dituen arriskuak eta bizikidetza arazoak saihesteko".  

Era berean, azpimarratu dute azken urteetan izandako hainbat gertakari ez direla herriko bizikidetzan lagungarriak izan, esaterako, edukiontzien erreketak, UDAren zenbait partidutan izandako jarrera desegokiak eta bazar baten bueltako arazoak. "Horrelako jardunek oztopatu egiten dute komunitatea, herrigintza eta elkarbizitza", gaineratu dute.

Aurreratu dute proiektu partekatu baterako ideia garatzen hasiak direla eta horren berri emango dutela ondorengo hilabeteetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak