Musika Bulegoa elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, kulturaren arloan prestakuntza eta ikerketa bultzatzeko. "Hitzarmen honek aukera ematen digu musikaren sektorearen errealitatea unibertsitatera hurbiltzeko, eta elkarrekin lan egiteko, ikasleek jardunean dauden profesionalekin ikasi ahal dezaten. Ziur gaude lankidetza horrek berrikuntza sustatu eta gure inguruko kultura-sarea indartuko duela", adierazi du Iker Duranak, Musika Bulegoko zuzendari kudeatzaileak. Eta honako hau erantsi du Nagore Ipiñak, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak: "Kulturaren eta sormenaren alorretako industriaren funtsezko eragilea da Musika Bulegoa. Harreman horrek bi zentzuetan izango du eragina: batetik, ikasleek sektore profesionala ezagutzeko eta, bestetik, sektore profesionalaren beharrei erantzuteko".
Kultura eta Sormen Industrietako Gradua da ikasturte honetako Huheziko berrikuntzetako bat, eta bi erakundeek hor jardungo dute elkarlanean, musikaren sektoreko profesionalek hartuko baitute parte. Ikasleek, gainera, elkartean egin ahal izango dituzte praktikak eta gradu amaierako lana.