Denetarik egin du Aretxabaletak Hirugarren Mailako liga hasiera honetan: galdu, berdindu eta irabazi. Baina bereziki joan den astean Añorgaren zelai zailean lortutako hiru puntuek bultzada handia emango diote Ibarrako proiektu berriari; are gehiago, partiduaren 12. minutuan (1-0) gauzak zelan zaildu ziren ikusi eta gero. Baina Josu Aizpuruaren eta Unai Belokiren golek (1-2) arnasa eman zioten taldeari, eta, lau puntu batuta, sailkapenaren erdialdean kokatu dira Calzonen mutilak. Hala, zapatuan San Migel jaietan murgiltzeko baserritar txapelak jantzi aurretik hartuko dute kategoriako talde gogor horietako bat Ibarran, Eibar. Orain arte, armaginek bi partidu irabazi dituzte, eta beste bat berdindu.
Mondra eta Bergara, kanpoan
Ohorezko Erregionalean, Mondrak eta Bergarak etxetik kanpora jokatuko dute. Arrasateko taldeari dagokionez, berdegunean gertatutakoa baino garrantzitsua izango da atzo –eguena– iluntzean zuzendaritza berritzeko batzar orokorrean hartutako erabakia (Goiena.eus atarian izango da informazioa), besteak beste, kluba nork gidatuko duen lehenbailehen argitzeak denei egingo die-eta mesede. Hori horrela, Jorge Davilaren mutilek Lesakan jokatuko dute zapatuan (17:00), lider dagoen Beti Gazteren zelaian. Bergararen kontrarioak ere ondo hasi du liga, Oiartzunek bi partiduak irabazi egin ditu eta. 18:00etan jokatuko dute, zapatuan, Karla Lekuonan.
Aloña Mendik, etxean
Joan den asteburuan hasi zuten Erregional Preferentean oñatiarrek ibilbide berria, baita ondo hasi ere, Unai Garairen mutilek 0-1 irabazi zioten-eta Zarautzi. Domekan (18:30) Eibartarrak hartuko dute, Azkoagainen.
Bergara eta Debagoiena Bailara
Emakumezkoen Ohorezko Erregionalean bi ordezkari izango dira aurten, debagoiendarrak mailaz igo ziren-eta maiatzean; hala, zapatuan Lagun Onaken zelaian, Garmendipen, jokatuko dute, 09:30ean. Eta, joan den astean Oriokori 0-9 irabazi ostean lider dagoen Bergarak etxean hartuko du Touring, zapatuan (16:30).