Literatura solasaldiei ekin diete Udal liburutegian. Mikel Albisuk dinamizatuko ditu euskarazkoak aurten ere, eta irailekoa dagoeneko egin dute. Hurrengoa, berriz, urriaren 16an izango da, 18:30ean: Jexuxmari Olaizola idazlearen Urte urdin ihesak izango dute berbagai.
Gaztelerazko saioak dinamizatzen, berriz, Monica Leiva arituko da, eta, kasu horretan, eguaztenetan 18:00etan izango dira saioak. Lehenengo irakurketaren solasaldia urriaren 1ean egingo dute, Irene Vallejo idazlearen El infinito en un junco liburuarekin. Arkupeko bigarren solairuan elkartuko dira bi taldeak beste urte batez.
Idazketa tailerrak
Aurten idazketa tailerrak ere antolatu dituzte: euskarazkoak azaroaren 1ean eta 25ean, abenduaren 16an eta urtarrilaren 13an eta 27an izango dira eta Miren Amuriza bertsolari eta idazleak gidatuko ditu. Gaztelerazkoak, ostera, urriaren 9an, azaroaren 20an eta abenduaren 1ean egingo dituzte, Monica Leiva gidari izanik. 20 lagunendako lekua izango dute taldean eta leku guztiak betez gero, itxaron zerrenda zabalduko dute.
Izena emateko epea irailaren 15etik 26ra izango da, bai idazketa tailerretarako, baita literatura solasaldietarako ere. Hona hemen bideak: 943 08 10 01 edo liburutegia@aretxabaleta.eus.