Aratz elkartekoak –adimen urritasunaren aldeko elkartea– izan dira, lasterketa hasi aurretik, irteerako zintaren aurrean jarri direnak. 10:00ak ziren puntuan, eta orduan eman diote hasiera Ikazkineko laugarren edizioari. Ibilbide luzekoek eta motzekoek Kurtzebarrira batera igo behar zutenez, 350 lagunek batera hasi dute proba.
Ibilbide luzean, Ander Iñarra irabazlea (1:55:18) pozik agertu da helmugara iristean. "Lehenengo aldia da lasterketa hau egin dudana, eta, asko gustatu zait. Aldapa gogorra izan dugu hasi bezain pronto, eta, horrek ere eman dio bizitasuna probari". Iñarrarekin batera, podiumean bigarren postuan Ibon Badiola sailkatu da (2:01:33), eta, ondarrutarra gustura geratu da ibilbide luzea eginda. "Iaz, motza egin nuen, eta aurten luzea egiteko gogoz nengoen, eta, gozatu dut. Asko gustatu zait, eta, beherakoan disfrutatu dut gehien". Hirugarren postuan, berriz, Mikel Arriola (2:01:57) sailkatu da eta aretxabaletarrak adierazi duenez, aurreikusi baino hobeto egin du etxeko proba. "Uste baino hobeto egin dut, bai postuari eta baita denborari dagokionez ere. Giro polita egon da goian, lagunak ere bertan izan dira animatzen, eta, hori poztekoa da beti".
Emakumezkoetan, berriz, Urteagak bost minutuko aldeaz irabazi du. "Ondo entrenatuta nentorren, baina inoiz ez dago jakiterik zer nolako lasterketa egingo duzun. Baina, gora etorri naiz", adierazi dio GOIENAri helmugan. Jone Albisua (2:29:14) zarauztarra sailkatu da bigarren eta haren lehenengo Ikazkin Trail izan da aurtengoa. "Ibilbidea gogorra da, eta indarrak gorde behar dira. Bistak ere ederrak izan dira eta baita emaitza ere". Hirugarren postuan, aldiz, Ane Zabala (2:34:35) arrasatearra sailkatu da, bertako lasterketetan beteranoetako bat. "Lainoa ireki da, eta aukera izan dugu paisaiaz disfutatzeko. Ibilbidea korrika egiteko ere egoki zegoen, eta, Kurtzebarrin jendearen animoak sekulakoak izan dira. Jendearen berotasunak ez du preziorik".
Ibilbide motza, eta bizkorra
15 kilometroko ibilbide motza egin dutenen artean, Iker Agirregabiriaren atzetik iritsi dira helmugara bigarren eta hirugarren postuan hurrenez hurren Jokin Amozarrain (1:21:02) arrasatearra eta Markel Lete (1:24:02) antzuolarra. Emakumezkoen kategorian, berriz, Jone Agirregabiriaren ostean, bigarrena Ane Garcia (1:44:25) izan da, eta, hirugarrena Enara Agote (1:38:12). Hemen sailkapen osoa.
Arientzakoen saria
Arientzan auzoko jaiak ospatzen ari dira asteburuan, eta, gaur, bertatik pasa den 82. parte-hartzaileak ere saria jaso du bertako bizilagunen partetik. Etxeko produktuen saski ederra Olatz Salaberriak (207 dortsala) jaso du. Gorka Madinabeitia auzotarrak honakoa adierazi du sariaren gainean: "Iaz, 82 lagun batu ginen auzoko jaietako afarian eta horregatik eman diogu saria 82. postuan pasa denari. Gure itxaropena emakumezko bati ematea zen, eta horrela izan da, beraz pozik gaude".
Gazteen parte-hartze nabarmena
Antolatzaileen esanetan borobila izan da laugarren edizioa eta lasterketak emandakoarekin pozik agertu dira. "Gure helburua dortsal guztiak gastatzea zen eta hala izanda, eguraldiak lagundu du. Gure asmoa aretxabaletarren parte-hartze handia izatea zen, eta, baita emakumezkoena handitzea ere. Hala izan da, eta, gazte jendearen parte-hartzea ere nabarmentzekoa izan da", adierazi du Dorleta Ezeizak, Ikazkin Trail-eko antolakuntza taldeko kideak.