Nerea Agirrezabal bergararra Tolosaldearekin lehiatuko da Kontxan

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ira. 12a, 14:44

Kontxako bandera lehiatzen egongo da domekan Nerea Agirrezabal bergararra, hirugarrenez, Tolosaldea traineruarekin.

Bigarren egin zuten lehen proban; 10 segundoko aldea ateratzen diote lehen taldeak, Donostiako Arraun Lagunak-ek. Eta asko izan daitezke 10 segundo, baina bergararrak ez du ezinezko ikusten hori gainditzea.

Denboraldi honetan birritan 10 segundo baino gehiagoko aldea atera dio Tolosaldeak Arraun-Laguni, baina bietan zegoen bizi itsasoa. Horrela, domekan ere olatuak egotea komeni zaio Tolosaldeari.

Honez gero ari dira domekarako itsasoko iragarpenari begira, eta hori aurrez, gutxi edo asko, jakin badezakete ere, egunean bertan jakingo dute estropadan zein arraunlarik hartu duten parte batetik, hori estropada hasi baino bi ordu lehenago jakingo dute, eta zein kaletan arraun egingo duten ere domeka goizean erabakiko da, zozketa bidez. Eta horrek ere lagundu edo oztopatu dezake 10 segundo alde hori gainditzea.

Tolosaldeak, eta Nerea Agirrezabalek, domekako Kontxako banderaren lehiarekin bukatuko dute aurtengo denboraldia, ez dute-eta ondoren etorriko den play-off-a jokatuko. Domekan arraunean egin eta astelehenean hartuko dituzte oporrak. 

Azaroan hasi zituzten bukatzear duten denboraldi honetako entrenamenduak eta luzea eta gogorra izan arren, lortutako emaitzarekin pozik dago bergararra.

Hirugarren aldiz lehiatuko da Kontxan Agirrezabal Tolosaldearekin, eta hori zorte handi bat dela dio berak. Domekara bitartean sendo entranatzen jarraituko dutela dio, Pasaian, ohikoa duten entrenamendu gunean, eta ahalik eta ondoen egingo dutela domekan, hain berezia den Kontxako banderan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak