Hamasei etxebizitza daude Aretxabaletako Areantza auzoan, eta horietan bizi direnen edo bizi izan direnen argazkiak pilatzen dihardute bertan azken hilabetean. Gaur egun 36 lagun bizi dira han, baina auzoan jaio eta handik joandakoak askoz gehiago dira, eta horiei guztiei argazki zaharrak batzeko dei egin diete.
Egitasmo horrekin, Areantzako bizilagunen argazki-bilduma osatu nahi dute, auzoaren memoria kolektiboa indartzeko eta belaunaldien arteko lotura bizirik mantentzeko; hain zuzen ere, belaunaldi berriek auzoaren iragana ezagutzeko aukera izan dezaten. Proiektuak iraganeko bizipenak, eraikinak, jaiak eta ohiturak dokumentatzeko balio dezake, eta aurrera begirako bideak irekitzeko: erakusketa bat, dokumental bat…
Batu eta gero, sailkatu
Julen Abasolo auzotarrak familiako argazki bilduma-sorta du etxean, baina horietatik sailkatu egingo ditu batzuk bildumarako. Horrekin batera, gainontzeko auzotarrek dituzten erretratuak ere batu gura ditu, eta mota guztietakoak ongietorriak direla adierazi du: familia-argazkiak, auzoko ospakizunak, laneko egunerokoak, etxe aurreko momentuak...: "Edozein une izan daiteke baliotsua auzoaren historia osatzeko".
Areantza auzoko bizilagunen argazki erraldoia zapatuan aterako dute, 14:00etan
Auzotarren argazki erraldoia
Argazkiak opor aurretik batzen hasi arren, prozesua luze joango den jakitun ere bada Abasolo, baina, proiektuarekin ilusioz dago: "Batzen ari gara, baina halako kontuak motel joaten dira. Areantzan jaiotakoak, bertatik joandakoak, euren ondorengoak… batuko dituen argazki erraldoia ateratzeko asmoa ere badugu asteburuan, zapatuan, 14:00etan, Areantza auzoko jaien egitarauaren barruan".
Auzoko jaiak asteburuan
Arientzako jaiei, hau da, Agorreko andramaixei asteburuan emango diete hasiera, eta horren berri ere eman dute Aretxabaletako Areantza auzoko jai batzordeko kideek. Gaur, egubakoitza, hasi eta domekara arte ekintza-sorta handia prestatu dute; domekan Kurtzebarri Egunarekin borobilduko dituzte jaiak. "Auzolanean antolatutako jai xumeak izan arren, 200 bat pertsona inguru gerturatzen dira. Hainbat ekintza antolatzen ditugu: auzo-afaria, jolasak, ginkana, luntxa, mendi irteera…", adierazi du Julen Abasolok.
Gaur, afari-lekua prestatzeko batuko dira, 19:00etan. Martin Kabarrixai ongietorria egingo diote gero, eta, tantaia altxatu ostean, paella-jana izango da. Amaitzeko, kantaldi eta dantzaldia ere egingo dute. Zapatuan, berriz, diana etxez etxe egin ostean, Ikazkin Trail lasterketako parte-hartzaileak bertatik pasatzean haiek animatzeko tartea hartuko dute. "Aurten, Ikazkin Trailen laugarren edizioan, Areantzatik pasatzen den 86. korrikalariari saria emango diogu. Zergatik 86.ari? Iazko auzo-afarian 86 lagun batu ginelako, beste barik. Horrela, emakumezko korrikalari batek saria jasotzeko aukerak ere handitzen dira, eta hori ere nahiko genuke…", adierazi du Abasolok.
Gero, kanpai-hotsak, meza eta luntxa izango dira, eta ginkana. 14:00etan, berriz, auzotarren talde-argazkia aterako dute, argazki zaharren bilduman txertatzeko. 17:45etik aurrera, berriz, ilundu arte, Areantzako jolasak izango dituzte, urtero moduan.
Domekan, azkenik, Kurtzebarri Eguna izanda, tontorrera igo, eta Areantzakoek Kurtzebarri Eguneko talde-argazkia aterako dute, 11:30ean. Gero, auzora jaitsi, eta Martin Kabarrixa agurtuz amaituko dituzte festak.